Kooperatibagintza Topaketa II


2014ko ekainaren 20an ‘Kooperatibagintza Topaketa II’ antolatu ditugu LANKI Ikertegitik. Iaz zabalduriko bideari jarraipena eman zaio ekitaldi honekin, Topaketok bultzatu nahi duten hausnarketa kooperatibo helburuan beste urrats esanguratsu bat emanaz.

Mondragon Unibertsitateak, Otalorarekin eta Mondragon-eko Gestio Sozialarekin elkarlanean, eskaintzen duen ‘Kooperatibagintzan aditu-tituluren markoan kokatzen dira Topaketak. Ondoko helburuari erantzuten diote: kooperatibagintzaren eta ekonomia sozialaren inguruko eztabaida gune erreferentzial izatea, eta hausnarketa kooperatibo kolektiborako espazio iraunkor bat eskaintzea. Urteroko kooperatibiston topagune izateko bokazioz jaio dira Topaketok.

Partehartze oparoa eta anitza izan du aurtengo edizioak. MONDRAGON taldeko hainbat kooperatibetako eta elkarte ezberdinetako ordezkariek hartu dute parte. Besteak beste: FAGOR Taldea, ULMA eraikuntza, DANOBAT Group, FAGOR Automation, AUSOLAN, FAGOR Industrial, ARIZMENDI Ikastola, FAGOR Arrasate, LKS, MUNDUKIDE Fundazioa, EROSKI, IKERLAN, Bagara, ALE (Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea), FAGOR Elektronika, FAGOR Ederlan, GOITI eta MONDRAGON UNIBERTSITATEA.

Hona hemen Topaketaren kronika laburra:

Saioari hasiera emanaz, lehendabizi, LANKIko zuzendari den Ainara Udaondok hartu zuen hitza. Ondoren Igor Ortegak, LANKIko ikerlari eta irakasleak, eskaini zuen hitzaldia: “Kooperatibagintzaren erronkak: etorkizun hurbilerako irakaspenak”. LANKI Ikertegitik abian den ikerketa zabalago bate klabe nagusiak gizarteratu zituen Igorrek, azken hilabeteetako gertakarien ostean kooperatibagintzari zabaltzen zaizkion desafio eta erronken gaineko sintesi interesgaria eskainiz.

Ondoren hausnarketa konpartiturako tartea zabaldu zen, talde dinamika gidatu baten bidez. Igor Ortegaren hausnarketak plazaratutako desafio nagusien gaineko eztabaida eraikitzailea sortu zen, bospasei lagunez osaturiko lan taldeetan. Dinamika emankorra izan zen, eta kooperatibagintzaren erronken gainean partehartzaile bakoitzak bere errealitatetik eginiko begirada eskaini zuen. Ondorengo gaiak izan genituen aztergai: lidergoa, kultura kooperatiboa, negozio erronkak, gobernantza kooperatiboa, elkartasuna, artikulazio kooperatiboa, gizarte eraldaketa eta hezkuntza kooperatiboa.

Arratsaldean, Jon Altunak, Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoak, “Kooperatibagintzaren Aditu Tituluko”  (+) V. edizioko diplomak banatu zituen.

Saiori bukaera emateko, kanpotik etorritako hizlari nagusiak hartu zuen hitza: Ignacio Ramonet kazetari eta  gizarte pentsalari entzutetsuak. Ramonetek ondoko hitzaldia eskaini zuen: “Kooperatibagintza eta ekonomia solidarioa globalizazioaren erronken aurrean”. Hitzaldiaren lehen zatian, egungo munduaren irakurketa eskaini zuen, begiratu geopolitiko eta geoekonomikotik. Besteak beste, ondoko gaiak izan zituen hizpide:  Mendebaldearen hegemoniaren lausotzea; gatazka militarren jeitsiera eta gatazka ez-militarren areagotzea (aldaketa klimatikoa, antolatutako krimena, delinkuentzia fiskala…);  merkatu finantzieroek kontrolaturiko globalizazioa; ekonomiaren desmaterializazioa… Bere interbentzioaren bigarren zatian  jokuzelai honetan kooperatibagintzak hartzen duen garrantziaz jardun zuen. Ramonetek azpimarratu zuen, merkatu neoliberalean lehiatu beharra izanik ere, kooperatibagintzaren proposamenak bestelako balore batzuk sustatzen dituela. Hain zuzen ere, neoliberalismoaren planteamenduaren kontrako ikuspegitik abiatzen diren baloreak. Horien artean jabetza partekatu eta kolektiboa, kudeaketa demokratikoa eta interkooperazioa aipatu zituen.

LANKIko taldearen izenean, eskerrak eman nahi dizkizuegu bertaratu zineten eragile kooperatibo eta sozial guztioi! Zuen ekarpenak eta esperientzia hausnarketa kooperatiboaren zerbitzura jarriz, ‘Kooperatibagintza Topaketak II’ posible egin duzuelako. Jarrai dezagun gogoeta kooperatiboa hauspotzen!!!

Ainara Udaondo jardunaldia zabaltzen

Jardunaldiaren irekiera

 

 

 

 

 

 

 

"Kooperatibagintzaren erronkak" azaltzen Igor Ortega

“Kooperatibagintzaren erronkak” azaltzen Igor Ortega

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Talde dinamikaren une bat

Talde dinamikaren une bat

 

 

 

 

 

 

 

 

Ignacio Ramonet eta Ainara Udaondo

Ainara Udaondo Ignacio Ramoneti hitza emanez

 

 

 

 

 

 

 

Lankiko kideak Ignacio Ramonetekin

Ignacio Ramonet Lankiko kide batzuekin

 

 

 

 

 

 

 

Hemen beste medioetan argitaratutakoak:

– TU Lankideko artikulua (+)

– Radio Euskadi-ko Boulevard saioa (+)

– ARGIAn Ramoneti elkarrizketa (+)

– BERRIAn, “Futbola da kirolik politikoena” (+)

 

 

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu