Garapen komunitarioaren haziak


Martxan da Berrekin.Berregin formazio programa, Bergarako Udalak, OlatuKoop-ek eta Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak lankidetzan sortu duguna. Formazio programa honek sakoneko motibazio bati erantzun nahi dio: eraldaketa soziala ipar duten ekimen, proiektu eta enpresa berriak sortu eta indartzeko erreferentziazko formazio espazioa sortzea, non eskualde bateko beharrak gazteen motibazio eta energiarekin konekta daitezkeen.

Berrekin buru

Formazio prozesu hau 4 zutabe nagusitan egituratu dugu:

+ Marko teorikoa: Gaur egun bizi ditugun gizarte aldaketak ulertzeko markoa eskaintzea da helburua, paradigma ezberdinak landuz: Tokiko Garapena, garapen komunitarioa, ekonomia sozial eraldatzailea, jasangarritasunaren erronka, parte-hartzea etab.

+ Ekintzailetasun sozialerako erremintak: iturri desberdinetatik datozen erremintak ezagutzea du helburu, besteak beste: bideragarritasun plana, Canvas soziala, harremanen eta emozioen mundua kudeatzeko tresnak, Design Thinking-a, marketing-a, kudeaketa ekonomiko-finantzieroa etab.

+ Hazitegia: era kolektiboan enpresa ideia berriak sortu eta hauen jarraipena egiteko espazioa.

+ Esperientzia arrakastatsuak bisitatzea: eraldaketa sozialaren baitan kokatzen diren Euskal Herriko hainbat enpresa eta ekimen interesgarri ezagutzeko espazioa, baita Katalunian erroturikoak ere.

Berrekin.Berregin formazio prozesuaren eskema orokorra (Iturria: Lanki-MU)

Berrekin.Berregin formazio prozesuaren eskema orokorra (Iturria: Lanki-MU)

 

Erremintei zentzua emateko premia.

Lanki Ikertegitik martxan jarri ditugun beste formazio esperientzietatik ikasi dugunez, enpresaren munduak erreminta interesgarriak eskain ditzake bestelako garapen sozio-ekonomiko humanoago, justuago eta jasangarriago baterantz abiatzeko orduan. Logika komunitarioan eraikiak izango diren ekimen berriek iturri anitzetatik datozen tresna desberdinak praktikan jarri ditzakete. Ikuspegi honek badu arrisku bat, hain zuzen, erreminta desberdinek “tresna” izaera eduki ordez prozesuaren “helburu” bilakatzea: tresna bat izan daiteke enpresa berri bat sortzea, merkatu analisi bat burutzea, bideragarritasun plan bat osatzea, baina eraldaketa sozialaren logikan kokatzen ez bada, ariketa hanka-motz geratuko zaigu. Gaur egun bizi dugun krisi eta gizarte aldaketa sakonen garai hontatik ez gara irtengo bakarrik ekonomia berpiztuz, ekonomiari beste norabide bat emanez baizik. Bide honetan, oso interesgarria ikusten dugu jakintza gune ezberdinak konfluentzian jartzea (formazio) espazio amankomunen bueltan: Unibertsitateko jakintza, kooperatibetako (edo enpresetako) jakintza eta mugimendu sozial eta herrigintzatik datorren jakintza.

Berrekin.Berregin formazioaren inguruan gehiago jakin nahi baduzu, bat egin gure komunitatearekin: https://twitter.com/berrekin2015

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu