Gizarte joerak Kooperatibagintzan Aditu Tituluan


Ekonomia kapitalistaren ibilbidea aztertu dugu Kooperatibagintzan Aditu Tituluan Luis Guridiren eskutik. 1850tik aurrera kapitalismoak eragin duen hazkunde ekonomikoa – batez ere 1950 eta 1973 urte bitartean – paregabea izan da, gizateriaren historian aurrez inoiz ikusi gabea. Izan ere, 1.500. urterarte hazkundea, errealitatean, ia ez da ematen.

Kapitalismoaren ibilbidea, perspektiba historikotik laburra izanagatik ere, mundua goitik behera itxuraldatu du. Industria-iraultzararte biomasa kontsumitzen zen. XX. mende hasieran, petrolioarekin, energia kontsumoa %1.000 igotzen da. Hazkundearen logikak ez du muga biofisikioak kontuan hartzen. Eta ekonomikoki zentzua duenak, –José Ramón Becerrak gogorarazi digun moduan krisi ekologikoaren inguruko saioan – sarri askotan fisikoki ez dauka. Krisiaren oinarrian materialen gehiegizko kontsumoa dagoela berresten du Becerrak.

Iturria: wikipedia

Kapitalismoaren etengabeko hazkunderako joerak ez dio planetaren muga biofisikoei erreparatzen. Eta sortutako aberastasuna ez da era orekatuan banatzen, are gutxiago desberdintasunak izugarri handitu diren garai honetan.

Globalizazioa neoliberalaren garaian bizi gara. Fenomeno honen ezaugarri nabarmenetarikoa finantza merkatuen desarautzea eta ondorioz sortzen den ekonomiaren finantzarizazioa da. Honek esan nahi du arlo finantzarioa ekonomia errealetik bereizi egiten dela. Ekonomia finantzarioa ekonomia produktiboa baino 100 aldiz handiagoa da. Ikaragarrizko munstroa bihurtu den burbuila honek ez du konponbide errazik Guridiren aburuz .

Logika honen ondorioak garbiak dira:muturreko desberdintasunak, krisi ekologikoa eta lanaren etengabeko prekarizazioa. ELAko Xabi Anzak eta Joseba Villarrealek aurpegia jarri zioten prekarietateari. Prekarietateak gehien bat emakume aurpegia duen arren, olio-orbana bezala ari da zabaltzen.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu