“Berrekin” ekonomia soziala
(2016.02.12an GOIENAko PUNTUA aldizkarian argitaratutako artikulua )
Bada bestelako ekonomia bat. Balio demokratikoetan oinarritzen dena eta berezkoak dituena berdintasuna, jasangarritasuna eta ongizate kolektiboa; 14 miloi enplegu sortzen ditu, Europako lanpostuen %6,5, berriki Europako Parlamentuaren egoitzan antolatu den European Forum on Social and Solidarity Economy-n aditzera eman den moduan (http://efsse.org/). Bestelako ekonomia hori da Ekonomia Sozial Solidarioa (ESS). Azken hamarkadan loratu den mugimendu zabala da ekonomia solidarioa, eta, gizartearen espazio periferikoetatik sortu arren, etorkizuneko gizartearen erdigunea bilatzen duena.
Zein da mugimendu honen abiapuntua? Azken urte hauetan oso sakonekoak diren gizarte aldaketak ari dira gertatzen maila globalean eta zenbait argi gorri pizten hasi dira; hauek agerian uzten dituzte egungo ekonomia neoliberalaren akats estrukturalak eta birbanatze logikaren limiteak. Egun gertatzen ari diren bi gizarte joera:
a) Injustizia soziala areagotzen ari da. Inoiz izan den kapital kontzentrazio tasa altuenetan gaude, krisi garaian areagotu egin da desoreka hau eta datuak oso kezkagarriak dira: munduko 62 pertsona aberatsenek munduko biztanleria erdiaren adinako aberastasuna dute (https://www.oxfam.org/es/informes/una-economia-al-servicio-del-1). Krudela da datua benetan: 62 vs 3.500.000.000. Deigarria da 62 pertsona hauetatik %85 gizonezkoak izatea. Egungo ekonomia eredua biztanleen %1en aldekoa da, gainontzeko %99aren bizkar.
b) Erronka energetiko-anbientala itzela da. Ekonomia neoliberalak ez du kontuan hartzen baliabide mugatuak dauzkan mundu batean bizi garela eta etengabeko hazkuntza ekonomikoa jasanezina dela planeta finitu batean. Petrolio eta gas erreserbak agortzen ari gara eta ez dago hauen ordezko energetikorik: ez energia nuklearrak, ezta energia berriztagarriek ere ezingo dute etorkizunean petrolioa ordezkatu. Euskal Herrian bizi kalitate handia edukitzea lortu dugu, baina gure aztarna ekologikoa dagokiguna baino 3 edo 4 bider handiagoa da (La evolución sostenilbe I eta II – Lanki kuadernoak). Ekonomia globalak doiketa sakona behar du, Lurrak eskaintzen dituen baliabideetara moldatzeko.
Testuinguru global honetan kokatzen da ESS. Garapen ekonomikoa zentroan duen eredu batetik bizitza zentroan duen eredura jauzi egiten du, ekonomia bitarteko gisa ulertuz, ez helburu nagusi bezala. Baina ez gaitezen nahastu eta ez dezagun pentsatu ESS utopiaz eta diskurtso ponpoxoz elikatzen dela bakarrik. Ekonomia solidarioa zerbait bada, praktika konkretuez osaturiko mugimendua da. Tokian tokiko praktika konkretuak sortzen ari dira, eta maila lokalean erronka globalei erantzuna ematen diete.
Norabide honetan, oso interesgarria da Debagoienak eskaintzen duen markoa. Badugu hamarkadatan zehar gorpuztua izan den inpultsu eta praktika kooperatibo sendoa, gizarte eraldaketa proiektu batetik abiatuz demokrazia ekonomikoa praktikan jartzen duena; badugu herrigintzaren logikatik abiatuz erronka sozialei heltzen eskarmentua duen gizarte sare zabal, trinko eta indartsua; eta bada etorkizun humano eta justuagoa eraikitzeko grina eta konbikzioa duen gazte belaunaldi berri bat. Gauzak horrela, posible al da eskualdeko ezaugarri endogeno hauekin ekonomia molde berriak praktikan jartzea? Intuizio horretatik abiatu genuen aurreko urtean Berrekin.Berregin egitasmoa (http://berrekinberregin.com/), ekintzailetasun sozialaren bidez gizarte justu eta jasangarriagoa eraikitzeko asmoz.
Martxoan hasiko dugu Berrekin.Berregin-en bigarren edizioa: uztartuko ditugu a) formazioa, ekintzailetasun sozialaren marko teorikoa eskainiz eta erreminta konkretuak ezagutuz eta b) enpresa proiektu ideia berrien lanketa, norberaren motibaziotik eta eskualdean dauden beharren identifikaziotik sortuak.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu