Krisia, zein krisi? – Jose Ramón Becerra


Krisi desberdinez hitz egiten da. Krisi finantzarioa, kontsumoaren krisia, krisi ekonomikoa edota krisi ekologiko dira horietako batzuk. Guzti hauek hertsiki lotuta daude, eta euretako baten jasaten diren aldaketek besteetan eragiten dute.

Alegia, dirurik ez badago (krisi finantzarioa) kontsumoa jaitsi egiten da (kontsumoren krisia), eta, kontsumoak behera egiten duen heinean, gutxiago produzitzera behartuta gaude (produkzio krisia edo krisi ekonomikoa). Eta, jakina, produkzioa munduko baliabideetan oinarritzen den neurri berean, munduak berak pairatzen ditu kontsumoaren ondorioak (krisi ekologikoa).

Lotura hauek direla medio, krisi baten muinean geroz eta gehiago sakontzen dugunean, besteetan ere hala egiten dugu. Soluzioak erraza dirudi: sar dezagun diru gehiago zirkulazioan, modu honetara kontsumoak gora egingo du eta kontsumoa asetzeko gehiago produzitu beharko dugu. Soluzio honetan, aldiz, baldintza batek ihes egiten digu; izan ere, mundua bakarra dugu, eta, hortaz, ekonomia ezin daiteke mugagabe hasi.

Joserra Becerrak ere argi diosku. Hazkundearen mugara iritsi gara, eta gure bizi-ereduak dituen baliabideekiko dependentzia ez da jasangarria. Horregatik, dependentzia horretatik ihes egiteko asmoaz, eredu sozioekonomiko berri baterantz abiatzea proposatzen du. Eredu horrek jasangarria, garbia, berriztagarria, ondasunen banaketan bidezkoa… izan beharko luke.

Helburu hori lortzeko maila desberdinetan eman beharko dira pausoak. Politika publikoei dagokienez, agintariek trantsizio hau bultzatzeko (edo, behintzat, ez oztopatzeko)  konpromisoak hartu beharko dituzte. Baina norbanakook ere badugu zeresana aldaketa hauetan; izan ere, lehengo eta behin, gure bizitza-eredua kuestionatu eta inteligentziaz kontsumitzen hasi beharko gara.

Bestalde, ekonomiako aktore moduan, enpresen garrantzia ukaezina da. Horregatik, Joserra Becerrak ideia bat nabarmentzen du: enpresek efikazak izan behar dute. Hau da, efikazak produktuen dibertsifikazioan, efikazak errekurtsoak lortzerakoan, efikazak berrikuntzan…  Ez dago zalantzarik jasangarritasunerako bideak aldaketa asko ekarriko dituela enpresetara baieztatzerakoan.

Eszenatoki honek hausnarketa bat eskatzen du, nahitaez. Nabarmena da mendebaldekook autokritika egiteko unea dugula eta “txip” edo pentsaera aldaketa batera kondenaturik gaudela: aldaketak etorri badatoz-eta.  Hala ere, gizarteak gutxiago kontsumitzeko arrazoia ez da arrazoi ekologiko bat; jendeak gutxiago kontsumitzeko arrazoia produktu edo kontsumo horren truke ordaindu behar duena da, prezioa, alegia.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu