Atzerrian loratutako kimuak


Azken urteotan Mondragon Unibertsitatea bere nazioartekotze estrategia sendotzen ari da, besteak beste, bertako ikasleei atzerriko zentro ezberdinetan formazioa osatzeko aukera eskaintzen die.

Azkenengo MUnivertsitas aldizkariko erreportaje batean azaltzen denez, unibertsitateak talentua mundu osoan hedatzen du ikasketak, proiektuak, praktikak edo learning journey ezberdinei esker. Ikasketa prozesua nazioartekotuta, Mondragon Unibertsitateak erronka globalei aurre egingo dieten profesionalen heziketa sustatzen du.

 

2018-2019 ikasturteko datuak

Ikasturte honetan, hainbat mugikortasun planetan parte hartzen ari diren ikasleen kopuruari erreparatuz gero, bistakoa da ikasleek ez dutela zalantzarik izan motxila hartu eta bideari ekiteko.

  • 224 ikasle Erasmus edo bestelako mugikortasun programa batekin atzerrian.
  • 137 ikasle praktikaldietan.
  • 24 Gradu edo Master Amaierako Lanak garatzen.
  • 334 ikasle LEINN graduko learning journey-etan.
  • 36 ikasle myGADEko IEP (International Experience Programme) izeneko programan.

Nazioartekotzea: ane eta iker

Lau ikasle, lau mugikortasun esperientzia

Ezagutu ditzagun, bada, ikasleen euren testigantza zuzenak benetan ulertzeko zer ematen dien mugikortasun esperientziak. Lau ikasleen testigantzak ezagutuko ditugu ondoren:

  • Iker Korta ordiziarra Ekoteknologia Industrialetako Ingeniaritza ikasitakoa da Goi Eskola Politeknikoan. Ondoren, Orona Ideo campusean egindako Ingeniaritza Industrialaren Masterra ikasten zuen bitartean Orklin aritu zen, formazio DUALari esker. Master Amaierako Lana aipatutako kooperatibak Kunshanen, Txinan, duen fabrikan egin zuen. “Txinako merkatua eta garapena nolakoa den ikusita, Euskal Herriko edozein enpresatan baino askoz bizkorrago ikasten dira gauzak, une oro erronka berriei aurre egin behar baitzaie”, dio Kortak. “Aurrez-aurreko komunikazioa zein lan egiteko modu ezberdinak ezagutzea ere oso aberasgarria da”, gaineratzen du.
  • Ruben Baldomir Basque Culinary Centerreko ikaslea dugu. Iaz zapore berrien bila joan zen Londreseko Fat Duck jatetxera, gastronomiaren eta zientziaren arteko harremanetan sakontzera, hain juxtu. “Erresuma Batuan detaile txikiek duten garrantziaz jabetu nintzen”, dio Baldormirrek. Gainera, harreman pertsonal asko egin ditu eta ziur dago “etorkizun hurbil batean aliatu profesionalak izan daitezkeela”.
  • Ane Bengoa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikasleak Ganteko Artevelde unibertsitatean, Belgikan, egin zuen Erasmus egonaldia. “Esperientzia paregabea izan da, mundu osoko jendea ezagutzeko eta berekin egunerokoa partekatzeko aukera ezinhobea izan da”, esaten du Bengoak.
  • Aintzane Agirre LEINN graduko ikaslea da Enpresagintza Fakultatean eta, titulazio honen baitan, Learning Journey bidaiak egin ditu Helsinkira (Finlandia), San Franciscora (AEB), Shanghaira (Txina) eta Punera (India). Bere hitzetan, erabateko esperientzia izan da kultura, pertsona eta bizimodu berriak ezagutzeko aukera ematen dutelako. Bere kasuan, bidaia motzagoak izan dira. “Bi hilabetez topera ibiltzen gara, gauden herrialdeko enpresak ezagutzen, gure proiektuak nazioarte mailan proiektatzen, bertako ideiak hartzen eta bertako merkatuak ulertzen saiatzen…etengabeko frenesi produktibo batean aritzen gara”, laburbiltzen du Agirrek.

Ikusten denez, laurek oso modu positiboan baloratzen dute bizitako atzerriko esperientzia Oso garrantzitsua iruditzen zaie unibertsitateak mugikortasun planak eskaintzea, norberaren garapen pertsonalerako eta erronka globalei eusten ikasteko.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu