Graduko 1.300 ikasle berrik eman diote hasiera 2019-20 ikasturteari


Azken lau ikasturteetan hazi egin da graduko ikasleen kopurua Mondragon Unibertsitatean; %23a, alegia. Aurten, graduko 1.300 ikasle berrik eman diote hasiera ikasturteari, iaz baino %7 gehiagok. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateak bederatzi campus ditu Euskadin eta beste zazpi laborategi-egoitza Euskaditik kanpo: Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Querétaron, Pueblan, Shanghain eta Seoulen. Etengabeko hazkuntzan dagoen unibertsitatea da gurea, datuek ere hori adierazten dute.

Gradu bat eta hiru master berri

2019-2020 ikasturte honetan, unibertsitateak 31 gradu eta masterretako titulu eskainiko ditu: 16 gradu eta 15 unibertsitate-master, hain justu.  Horietatik 18 dualak izango dira, hau da,  ikasten duten bitartean lan egiteko aukera izango dute ikasleek. Graduen %73 dualak izateak Mondragon Unibertsitateak ikasleak errealitatetik eta errealitaterako prestatzen dituenaren erakusle da.

Aurtengo berritasunetako bat Bilbon eskainiko den Business Data Analytics gradua da. Horrez gain,  hiru unibertsitate-master berri diseinatu dira: Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan (LIT), Datuen Analisia, Zibersegurtasuna eta Hodei-Konputazioa, eta Robotika eta Kontrol Sistemak.

Baina horiez gain badira Mondragon Unibertsitateak hezkuntza berrikuntzarekin duen konpromisoaren erakusle diren hainbat produktu, tartean Lidergo Ekintzaileta eta Berrikuntza  gradua (LEINN),  munduko lehen doktoretza gastronomian eta Hezkuntza Berrikuntzako lehen laborategia.

Profesionalen prestakuntzan ere aurrerapausoak eman dira eta aurrera begira, programa ofizial eta titulu propio gehiago sortzea da asmoa. Honela, prestakuntza eta lana uztartzeko aukera eman nahi du Mondragon Unibertsitateak, pertsonek beren ezagutzak berritu ahal izateko eta teknologia berriek lan mundura ekarriko dituzten aldaketei aurrea hartzeko. Errealitatearekin hartu eman zuzena du unibertsitateak. Izan ere, Mondragon Unibertsitatea Euskadiko 230 enpresa baino gehiagorekin ari baita proiektuak lantzen.

Eskaintza honekin guztiarekin Mondragon Unibertistatearen erronkei erantzuna ematen zaie:

  1. Unibertsitateko hezkuntza berrikuntza, ikasleen ikasketak modu nabarmenean hobetzeko.
  2. Bizi osoko formakuntza, prest egoteko etengabe aldatzen ari den munduari erantzuteko.
  3. Enpresekin kolaborazioan gauzatutako ikerkuntza, Euskadiko enpresen egitura hobetzeko eta lehiakorragoa izateko.

Business_ikasleak

2018-2019 ikasturtea datutan

Goranzko joera ez da aurtengoa bakarrik. Aurreko urteetatik ari dira hazten Mondragon Unibertsitateko ikasle kopurua, eta ez soilik graduetan, baita masterretan ere. 2018-2019 ikasturtean,  7.000 profesionalek baino gehiagok aukeratu zuten Mondragon Unibertsitatea beren gaitasunak hobetzeko: graduondoak, titulu propioak, ikastaroak edota profesionalei eskainitako eskola presentzial, erdipresentzial eta onlinekoak egiteko. Aurreko ikasturtean baino %,6,5 gehiagok aukeratu zuten profesionalen prestakuntza.   Iazko datuei erreparatuta ere, prestakuntza atzerrian osatzen duten ikasleak gero eta gehiago dira. Joan den ikasturtean 1.210 ikasle joan ziren atzerrira eta 399 ikasle atzerritan jaso genituen Euskadiko fakultateetan. I+Garen alorrean egindako jarduera ere  %28 baino gehiago hazi zen. Gainera, jarduera horren %50 enpresek finantzatzea lortu zen.

Hezkuntza Berrikuntza, bizi osoko formakuntza eta ikerketa kolaboratiboa dira unibertsitatearen erronka nagusienetakoak, eta, datu hauekin guztiekin ikusten da Mondragon Unibertsitatearen eskaintzak erronka horiei erantzuten dietela.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu