Udako Campusak eta Udaleku Gastronomikoak: etorkizuna esperimentatzeko aukera
Ikasketak aukeratzea ez da beti bide erraza, batez ere DBH amaieran edo Batxilergoko lehenengo mailan gaudenean. Zalantzak, gustuak eta aukerak pilatzen dira, eta askotan esperientzia praktiko bat funtsezkoa izan daiteke norberaren etorkizuna argitzen hasteko. Horregatik, Mondragon Unibertsitatetik Udako Campusa eta Udaleku Gastronomikoak antolatu ditugu DBH 3-4 eta Batxilergoko lehen mailan dauden ikasleentzat.
Ingeniaritza Campusa
Ingeniaritzako Udako Campusa Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko campusean egingo da, ekainaren 30etik uztailaren 4ra, eta helburu nagusia gazteak ingeniaritzaren mundura hurbiltzea da.
Campus honetan parte hartzen dutenek aukera izango dute arlo teknologiko ezberdinak esperimentatzeko: diseinua, informatika, elektronika, mekanika, biomedikuntza eta antolakuntza arloak.
Komunikazio Campusa
Hirugarrenez egingo da Komunikazio Campusa, uztailaren 7tik 11ra, Aretxabaletan. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Goiena Komunikazio Taldeak elkarlanean antolatzen dute. Komunikazioaren mundua ezagutzeko esperientzia praktiko eta sortzailea da.
Gazteek, besteak beste, honako jarduerak egingo dituzte: telebista platoen erabilera, kamera aurrean nola jardun, fotokazetaritza, podcastak nola egin, sare sozialetan zabalkundea…
Campusean parte hartuko dute komunikazioan adituak direnak, Goienako kazetariak eta Ikus-entzunezko Komunikazio graduko irakasleak.
Udaleku Gastronomikoak
Gastronomia eta nutrizioa gustuko duten gazteentzat, BCC Culinary Clubek aukera gastronomikoa eskaintzen du: sukaldaritza eta elikadura osasungarriko udalekua. Donostian egingo da, uztailaren 7tik 11ra eta DBH 2, 3, 4 eta Batxilergoko lehen mailako ikasleei dago zuzendua.
Helburua ez da soilik plater goxoak prestatzea, baizik eta gazteek nutrizioaren oinarriak ulertzea eta menu osasungarriak diseinatu eta prestatzen ikastea, beren egunerokotasunean aplikatzeko moduan.
BCCko profesionalek zuzendutako tailerretan, parte-hartzaileek sukaldean trebetasunak landu eta elikadura osasungarriaren garrantzia barneratuko dute.
Informazio gehiago lortzeko eta izena emateko, bisitatu Basque Culinary Club-en webgunea.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu