Orientagune eta Mendeberri hezkuntza eredua: pertsona, erdian


Covid-19aren pandemiak hankaz gora jarri zuen gure egunerokoa. Batxilergotik unibertsitatera trantsizioa konplexua dela ez dago zalantzarik eta aurten unibertsitatera salto egin duten gazteen kasuan, konplexutasun hori areagotu egin da Covid-19ak sortu duen egoeraren ondorioz.
Testuinguru honetan antolatu zen aurtengo Orientagune jardunaldia, ‘Nola bizi izan dute ikasleek Covid-19aren egoera konfinamenduan?’ izenburupean. Bideo honetan ikusgai dago jardunaldia bere osotasunean:

Mendeberri ereduaren 6 ardatz

Orain dela sei urte, Mondragon Unibertsitateak Mendeberri 2025 proiektua definitu zuenean, “argi ikusi genuen datozen urteetan gure gizarteak biziko dituen aldaketen azkartasuna kontuan izanda, hezkuntzak orokorrean eta unibertsitateak, bereziki, begirada berri bat behar zutela”, azaldu zuen Jon Altuna errektoreordeak jardunaldiaren aurkezpenean. Horrela, “gure hezkuntza ereduan 6 ardatz definitu genituen”, gehitu zuen Altunak:

  • multikomunikatzailea
  • munduko hiritarra izatea
  • ikastun malgua
  • ikastun aktiboa
  • kooperatiboa
  • helburu pertsonalak izatea

Pertsona, erdian

Garapen pertsonalak, hots, norberak bere burua ondo ezagutzeak berebiziko garrantzia hartu du pandemia garai honetan. Eta ikaslearen garapen pertsonala lantzeko espazio egokia da honakoa.
Iñaki Larrea ikertzaileak Mondragon Unibertsitateko ikaslearen ezaugarri personalei buruz hitz egin zuen Orientagune jardunaldian, ‘Mendeberri 2025, Pertsona Erdian’ hitzaldiarekin. Iñaki Larreak, bere jardunaren hasieran, azpimarratu zuen Covid-19a pertsonon osasun mentalean izaten ari den eragina: depresioa, frustrazioa, estresa, beldurra, isolamendu sentsazioa eta ondoeza orokortzen ari da garai honetan.
Ildo honetatik, ikasleena arrisku handiko taldea da, Larreak ohartarazi zuen. Eta honek guztiak eragina dauka errendimendu akademikoan, noski. Baina ikuspegi katastrofiko hau orekatze aldera, beste autore batzuek azpimarra jartzen dute ikasleen potentzialitatean. Izan ere, pandemiaren egoerak sortarazten dituen arazo eta gabezia guztiak gutxietsi gabe, egoera hau aproposa izan daiteke baita hazkunde pertsonalerako ere; izan ere, ikaslearen autoestimua, besteekiko enpatia, ikasteko estrategia berriak eta hazkunde pertsonala sustatu dira pandemia garaian.

Profil pertsonala garatzeko ezaugarriak

Norebararen ezaugarri pertsonalen arabera, ikasleak -edo pertsonak, orokorrean- biziko du egoera berri hau erronka bat bezala eta egoerak gainditu egingo du norbera. Testuinguru honetan, unibertsitateak Mendeberri 2025 hezkuntza eredua formulatu zuenean, profil profesionalaz gain, ikaslearen profil pertsonala garapenaren beharra ikusi zuen. Alde honetatik, profil pertsonal hau garatzeko sustatu beharreko zazpi ezaugarri definitu dira:

  • sortzailea eta eraldatzailea
  • erresilentea
  • kontziente eta konprometitua
  • kooperatiboa
  • kritikoa eta analitikoa
  • bizitza osoan zeharreko ikastuna
  • begirada globala duena

Garapen pertsonala erdigunean jartze honek aldaketak ekarri ditu metodologian: proiektuek eta erronkek geroz eta garrantzi gehiago hartzen dute eta ikasle aktiboa da hezkuntza prozesuaren protagonista nagusia. Bestetik, irakasle eta tutorearen rola ere aldatzen da; ezagutzaren transmisore hutsa izatetik bidelagun rola hartzen du, eta ezaugarri pertsonal horien garapenean ere lagunduko dio ikasleari.
Beste aldaketa bat espazioen egituraketari dagokio, espazioak orain malguak eta polibalenteak dira. Ikaslearen ibilbideari dagokionez, berriz, apustua egiten da ikasle bakoitzari ibilbide akademiko pertsonalizatu bat egokitzeko.

Ebaluazio-eredu berri baterantz

Mendeberri 2025 ereduak ebaluazioan ere aldaketak ekarri ditu, paradigma berria ezarriz. Ebaluazio edo nota zertifikatzaile hutsetatik harago, ebaluazioak ikuspegi hezitzaileago bat izan behar du; hau da, balio behar du garapen pertsonal horretan ikasleari laguntzeko eta norberaren garapenean hobekuntzak proposatzeko. Horregatik, azpimarratzen da alderdi pertsonalak ere ebaluatu egin behar direla. Ebaluazio kontzeptu berri honek eskatzen du, gainera, ebaluazioa ez kokatzea prozesuaren bukaeran, baizik eta unean unekoa eta longitudinala izatea.
Aldaketa hau ez da ari ematen soilik Mondragon Unibertsitatean. Izan ere, joera gero eta handiagoa dago unibertsitateetan “noncognitive attributes” eta “XXI. century skills” deiturikoak kontuan hartzeko ebaluatzeko orduan.
Hala ere, Mondragon Unibertsitateak ez du ebaluazioa irakasleengan mugatu nahi. Ikaslea bere testuinguruak mugatzen du eta, horregatik, titulazioa eta unibertsitatea bera ere ebaluazioaren objektu izatea nahi du Mondragon Unibertsitateak.

Eragin proiektua

Ebaluazioaren ikuspegi berri honekin lotuta, Eragin proiektua abian jarri zen. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak zuzentzen du proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako “Talentua eta ikaskuntza” deialdia baliatuta. Eragin proiektuak helburu bikoitza dauka; batetik, aztertzea titulazioen eragina ikasleen profilean eta, bigarrenik, aztertzea ikasleen profilean eragiteko moduak, bertan hobekuntzak egiteko.
Beraz, Eragin proiektuaren helburua da ikaslearen garapen pertsonala nolakoa izan den aztertzea, lehen aipatu ditugun zazpi ezaugarri ardatz hartuta.
Ebaluazioaren neurketa eta analisi hau hiru momentu esanguratsuetan egiten da, 1. mailaren hasieran, 2. mailaren bukaeran eta behin gradua bukatuta. Modu honetan identifikatzen dira ikasleen sarrera eta irteera profilak.
Eragin proiektuan, etorkizunean, ondoko lan-ildoak jorratuko dira:

  • pertsonan oinarritutako ereduan sakondu
  • ebaluazioa indartu
  • ibilbidean eragiten duten aldagaiak aztertu
  • berrikuntzan sakondu

Eragin proiektuaren bitartez, batetik, identifikatu nahi dira edozein eremuko profesionalek izan beharko lituzketen dimentsioak, eta, bestetik, aztertu gura da ezaugarri horien egoera hezkuntza erakundeetan ikasleen eta ikuspegi metodologikoaren ikuspegitik.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu