Eginez ikasten Ikus-entzunezko Komunikazioa graduan


iko3

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean sinetsita daude gauzak eginez ikasten direla eta ezagutza alor ezberdinak aldi berean garatu behar direla, proiektu errealen bidez. Horregatik, Ikus-entzunezko Komunikazioa graduan ikaste-irakaste prozesua erronketan eta proiektu errealetan oinarrituriko metodologia aktiboen bitartez garatzen da.

Erronkak diziplina anitzeko moduluetan planteatzen dira, hau da, lan sekuentzietan, kasuan kasuko ezagutza, trebetasun eta konpetentziak eskuratzeko.

Modulu hauek 3 zati izaten dituzte:

  • Ezagutzen lanketa
  • Ariketa txikiak ezagutza horietan trebatzeko
  • Proiektu nagusia

Metodologia horren bitartez, ikaslea bera bilakatzen da ikaskuntza prozesuko protagonista, berak egin behar baitu, beste ikasleekin batera, jardueren eta diseinuaren plangintza. Hala, ikasleak ez sakabanatzea eta ezagutzak ez atomizatzea lortzen da, eta ikasleek beren ikaskuntza prozesuan sakontzea.

Modu monografikoan

Asko dira eredu praktiko honen onurak. Idoia Astigarraga Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko koordinatzaileak azpimarra jartzen du aspektu batean: ikaslea hobeto zentratzen dela, eta arreta eta interesa proiektu jakin batean jartzen duela. “Proiektua eratzen murgilduta daudenean, egutegia eta antolaketa guztia proiektu horri begira dago; horrela, hobeto zentratzen dira, bestelako interferentziarik gabe arlo akademikoan. Modu monografikoan bete-betean murgilduta egoten dira proiektuak iraun bitartean”, adierazten du Astigarragak.

Modulu bukaerako proiektu horietan, ikasleek denetariko lanak lantzen dituzte, hein handi batean, taldeka:  podcast-ak, irrati saioak, film laburrak, dokumentalak, euskarazko wikipediarako edukiak: testuak eta infografiak; entretenimenduzko edukiak; albistegiak, eta abar. Fakultatean orain lantzen ari diren plan berriari begira, beste erronka berri batzuk ere sartuko dituzte: esaterako, marketin kanpaina bat sortu, zine-jaialdi bat antolatu edo ikus-entzunezko eduki eta formatu anitzak lantzea.

Moduluen iraupena, 1. eta 2. mailan, 3 edo 4 astekoa izan daiteke, gutxi gora behera; eta 3. eta 4. mailan, 3-10 aste bitartekoa.

Ikasleen erantzuna

Egiten ikasteko eredu hau ikasleei gustatzen zaie, errealagoa delako eta lan-munduan egingo dutenetik hurbilago dagoelako. “Fakultate honetara etortzeko arrazoietako bat da ikasketen praktikotasuna, jasotako ezagutzak martxan jartzen direlako, modu praktikoan, eta profesioa ikasteko gerturatzeko modu bat delako” diosku Idoia Astigarraga graduaren koordinatzaileak.

Moduluetan landutakoa, gero Gradu Bukaerako Lanean (GBL) aplikatuko dute. GBLean erakunde edo enpresa baten behar komunikatibo bati erantzun behar diete: Komunikazio Plan bat landu edo ikus-entzunezkoen pilulak sortu enpresaren webgunerako, kasu; eta fase honetara ikasleak heltzen dira trebatuta, aurretik moduluetan landutakoari esker.

Azkenik, ikus ditzagun ikasleek egindako bi proiektuen adibideak:

Naia Aizpuruk, albiste rallyaren egileetako batek, zera azpimarratzen du: “errealizazio talde batean ikusten da nola egin lan taldeka eta proiektu honen ekarpenik handiena hori izan izan da, hain zuzen, ikasi dugula talde bezala gure burua antolatzen. Proiektuak egiten joaten garen heinean, hobeto antolatzen ikasten dugu”. Eta “hori profesiora hurbiltzeko oso onuragarria da”, gaineratzen du Angello Eloizagak.

iko2

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu