Izan bizimodu aktibo eta osasuntsua Kirol Zerbitzuaren eskutik


kirol-zerbitzua

Gizartean, orokorrean, gero eta kirol gehiago egiten da. Gero eta jende gehiago jabetzen da ariketa fisikoa egitearen onurez eta, Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, EAEko biztanleriaren %29ak pandemia aurretik baino jarduera fisiko gehiago egiten du. Izan ere, biztanleen %66ak jarduera fisikoa egiten du EAEn.

Men sana in corpore sano leloarekin bat eginez, Mondragon Unibertsitateko Kirol Zerbitzuak unibertsitateko ikasleen eta langileen artean bizimodu aktibo eta osasuntsua sustatzeko hainbat ekintza antolatzen ditu ikasturtean zehar.

Kirol Zerbitzuak campus guztietara zabaltzen ditu bere jarduerak; hau da, Arrasate, Goierri, Orona Ideo, Bilbo, Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati eta Bidasoa. Era askotako ekintzak antolatzen ditu; taldeka zein bakarkakoak, aisiarekin eta osasunarekin lotuak, ikastaroak, irteerak, txapelketak… Kirol Zerbitzuak, halaber, unibertsitateak inplantazioa daukan hainbat herri eta hiritako udal kiroldegi eta gimnasiotan aritzeko informazioa eta erraztasunak eskaintzen ditu.

Jarduera motak eta zerbitzuak

Hona hemen, Kirol Zerbitzuark eskaintzen dituen jarduera moten laburpen bat:

  • Ikastaroak eta irteerak: garaian garaiko jarduerak; besteak beste, osasun-jarduerak (hipopresiboak, dantzak, masajea, yoga); uretako jarduerak (surfa, piragua, bela), mendiko eta elurretako ekintzak (eskalada, irteerak, eski), kartinga, golfa, arku-tiroa.
  • Entrenatzaile pertsonalahelburua da erabiltzailea maiztasun jakin batekin jarduera fisikoa praktikatzera bultzatzea banakako plangintza baten bitartez. 67 lagunek erabili zuten iaz MUAktibo entrenatzaile pertsonalaren zerbitzua.
  • Gimnasioen eta udal kirol-instalazioen izen-emateak: Arrasate, Oñati, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Irungo hainbat gimnasiotan eskaintza zabala eskura; eta Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Irun, Oñati eta Bilboko hainbat udal instalaziotan kirol-abonuak ateratzeko erraztasunak. Horrez gain, hainbat kirol materialaren (baloiak, erraketak, pilotak, palak, bizikletak) doako mailegua. Gimnasio eta kirol instalazioen abonuarena izan da Kirol Zerbitzuak indartu duen zerbitzuetako bat eta, iaz, 58 lagunek kirol abonua tramitatu zuten Kirol Zerbitzuaren bidez, eta beste 21ek eguneko sarrerak erabili zituzten.
  • Txapelketak: euskal pilota, surf, herri-kirolak, eta karting diziplinetako hainbat txapelketetan parte hartzeaz gain, Fakultate barneko txapelketak ere antolatzen dira areto-futbola, eskubaloia, futbol 7, saskibaloi, frontenis, palan eta beste hainbat modalitatetan. Mondragon Unibertsitateko kirolariek, halaber, Euskadiko eta Espainiako Kirol Txapelketetan parte hartzen dute.
  • Kirol taldeak eta entrenamendu taldeak: helburua da astean egun batez lagunartean lehiatzea edo entrenatzea. Joan den ikasturtean, Mondragon Unibertsitateko 22 langilek parte hartu zuten gorputzaren atal nagusiak tonifikatzeko taldekako MU Fit saio gidatuetan.

Gainera, 2021-22 ikasturtean ordaindutako lankidetza egin dezakezu Kirol Zerbitzuarekin epaile, laguntzaile edo monitore gisa. Azkenik,  Kirol Zerbitzuak antolatutako hainbat ekintzatan parte hartzeagatik ECTS kredituak eskuratzeko aukera dago. Izan ere, joan den ikasturtean 100 ikasle baino gehiagok baliatu zuten aukera hau.

Ezagutu Kirol Zerbitzuaren funtzionamendua 2 minututan bideo honen bidez: Zer egiten dugu Mondragon Unibertsitateko Kirol Zerbitzuan? 

Aurten, ez galdu aukera eta hobetu zure bizi-kalitatea Kirol Zerbitzuaren eskutik; aukeratu gehien gustatzen zaizun jarduera mota eta eutsi goiari!

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu