Mondragon Unibertsitateak hezkuntza-berrikuntzaren aldeko apustua indartuko du beste sei titulazio berrirekin


IMG_7049

Mondragon Unibertsitateak 2022-2023 ikasturterako unibertsitate eskaintza berria aurkeztu zuen urtarrilaren 14an Bilbao AS Fabriken: bost gradu- eta graduondo-titulu berri emango ditu datorren ikasturtean.

Vicente Atxa errektoreak aurkezpenean adierazi zuenez, ematen ari den titulazioen berrikuntza prozesuak erakusten du hezkuntza-berrikuntzaren aldeko apustua; bai ereduaren ikuspegitik, non eginez ikasi ereduko prestakuntza praktikoa bultzatzen den eta baita etorkizuneko lanbideekin lerrokatuta dagoelako ere. Berrikuntza hau munduko joeren ebaluazioa egin ondoren eta gizartearen eta Mondragon Unibertsitatearen enpresa-sarearen etorkizuneko beharrak kontrastatu ondoren gauzatzen da.

Mondragon Unibertsitatearen kasuan, unibertsitatearen eta enpresaren arteko harreman estua DANan (“ADN”, gaztelaniaz) dagoen zerbait da eta hori berresten duten datuak badaude. Adibidez, formazio duala, non Mondragon Unibertsitatea erreferentea den estatuan zein nazioartean, titulazio guztien %60 eredu dualean eskaintzen baititu. Enpresa-munduarekin harreman hori enpresekin egindako 500 ikerketa-proiektu eta tranferentzia-jarduera baino gehiagotan eta urtero prestatzen dituen 7.500 profesional baino gehiagotan ere gauzatzen da.

%25 ikasle gehiago

Beraz, hezkuntza berrikuntzak, formazio praktikoak eta dualak, enpresekin harremanak eta kokapen geografikoen dibertsifikazioak bultzatuta, azken urteotan %25 baino gehiago hazi da gradu eta masterretako ikasleen kopurua.

Kokapen geografikoen dibertsifikazioari dagokienez, esan beharra dago duela urte batzuk hasi zela Bilbon titulazio berritzaileak kokatzeko apustua eta erronka hau bere fruituak ematen ari dela. Bilbao AS Fabriken, esaterako, ikasturte honetan 400 ikasle daude eta 2025 urterako milatik gora izatea aurreikusten da.

Mondragon Unibertsitatea asko hazi da eta gehiago haziko da, gero eta azkarrago aldatzen ari den mundu eta gizarte bati begira dagoen eskaintza akademiko berritzailea baitu; enpresa, industria eta gizarte eredu jasangarriago, digitalago eta globalago baterantz doan mundu eta gizarte bati erantzuteko. Aldaketa horiek bilakaera eta eraldaketa ekartzen ari dira industria-ekoizpenean, antolakundeen kudeaketan, pertsonen kudeaketan eta ikaskuntza-prozesuetan. Hori horrela, Mondragon Unibertsitatearen eskaintza globalak gaur egun eskatzen ari diren eta etorkizun hurbilean eskatuko diren profil  profesional gehienak betetzen ditu.

2023-2023 ikasturteko berritasunak

Hain zuzen, irailetik aurrera, unibertsitateak beste gradu bat eskainiko du Ingeniaritzan, Ingeniaritza Fisikoa Gradua, eta lau unibertsitate-master: Energia Sistema Adimendunak, Operazio Logistiko Produktiboen Zuzendaritza, Negozio Adimenerako Datuen Analisia/Business Analytics eta Gastronomiako Irakasleen Prestakuntza.

Eskaintza berria Unibertsitateak dagoeneko ematen duenari batuko zaio. Hala, 2022-2023 ikasturtean, Mondragon Unibertsitateak honako hau eskainiko du, guztira: 18 gradu-titulu eta 19 unibertsitate-master, lau doktorego-programa, eta, horrez gain, zenbait graduondo-titulu —propioak eta aditu-ikastaroak— bere zortzi ezagutza-alorretan: ingeniaritza, ekintzailetza, enpresen kudeaketa, hezkuntza, humanitateak, komunikazioa, kooperatibismoa eta gastronomia.

Titulazio berri hauekin, campus gehienak indartuko dira, gero eta garrantzitsuagoa den dibertsifikazio geografikoari ere erantzunez. Horrela, Bilboko eskaintza gradu eta master berri banarekin handitzen da; Arrasatekoa unibertsitate master batekin; Donostialdekoa unibertsitate master batekin eta Eskoriatzakoa beste unibertsitate master batekin.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu