DiManD proiektua: mugarri berri bat nazioarteko Industry 4.0 profesionalen formakuntzan
Goi Eskola Politeknikoak etorkizuneko profesionalen formakuntzan mugarri izango den DiManD proiektuaren koordinatzailea da. Digital Manufaturing and Design Training Network ekimenak Industria 4.0ko profesionalen prestakuntza du iparrorratz eta European Training Network programa barnean kokatzen da.
Industria 4.0 ardatzean eta nazioarteko elkarlana oinarri hartuta, proiektu honen bitartez 14 gaztek formakuntza jaso eta doktoretza egiteko aukera izango dute. European Training Network programak mugikortasuna sustatzea du helburuetako bat. Hartara, doktoretza egiteko aukeratuak izan diren ikertzaile gazteek azken hiru urteotan bizitoki izan ez duten herrialde batean garatuko dute doktoretza proiektua.
DiManD programan Europako hainbat eragilek hartzen du parte, bazkide onuradunak alde batetik eta bazkide partaideak, bestetik. Lehendabiziko taldean Goi Eskola Politeknikoa eta Tecnalia Fundazioa (Euskal Herria), Consiglio Nazionale delle Ricerche (Italia), Johnson & Johnson Vision Care (Irlanda), KTH unibertsitatea (Suedia), TQC eta University of Nottingham (Erresuma Batua), Uninova Unibertsitatea (Portugal) kokatzen dira.
Euskal industriaren partaidetza
Euskal industria sareak ere partaidetza esanguratsua izango du programa honetan. Izan ere, doktoregaiek formakuntza jasoko dute ondorengo enpresa hauetan: Danobat, Fagor Arrasate, GAIA, Ideko, MSI Grupo, ULMA Embedded Solutions eta MONDRAGON Korporazioan. Gainera, 14 doktoregaietatik hiru Goi Eskola Politeknikoak kontratatuko ditu.
Industria 4.0-ak ekoizpen baliabideak antolatzeko era berri bat dakar eta teknologikoki hainbat kontzeptu berritzailetan hartzen du oinarri, besteak beste, Big Data, Industrial Internet of Things, Cyber-Physical Systems eta horrelakoetan.
Ikerketa elkarlanean
Formakuntza jasoko duten ikerlari gazteek beren tesia garatzearekin batera, ikerketa proiektu bateratu bat garatuko dute elkarlanean, hurrengo hiru arloetan:
- Konputazio, sare komunikazio eta prozesu fisikoen integrazioa sistema ziber fisikoetan.
- Fabrikazio plataforma autonomoak.
- Informatika, Big Data eta agenteen oinarritutako kontrol eta konfigurazioa.
Ikerlari gazteek zeharkako konpetentziak ere landuko dituzte, hala nola: komunikazioa, ekintzailetza, jabetza intelektuala eta patenteak, zientzia irekia, genero berdintasuna eta ikerketa eta berrikuntza arduratsua.
2019ko uztailaren 18an antolatu zen Orona Ideo campusean DiManD proiektuaren kick off meeting-a edo proiektuaren abiapuntu ekitaldia. Bertan hainbat kide bildu ziren eta ekimenaren nondik norakoak azaldu zituzten Goi Eskola Politeknikoko Miren Illarramendik eta Leire Etxeberriak.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu