Campusetik harago, ekosistema irekia


29112019-_A7A5234

Ikasleak bere ikaskuntza ibilbide propioa marraztu dezan, Mondragon Unibertsitatea ohiko campusetatik harago doan ekosistema irekiaz baliatzen da, hainbat modutan; izan eredu duala, non ikasleak unibertsitateko egonaldia enpresa edo erakunde bateko egonaldiekin partekatzen duen alternantziazko prestakuntzan; izan kokapen fisiko ezberdinetan zabaltzen diren ikasteko ekosistemak edo izan multicampus esperientziak… ohiko campus tradizionala gainditzen duen hezkuntza eredua sendotzeko bokazioa dauka Mondragon Unibertsitateak.

Berrikuntzarako eta ekintzailetzarako ekosistema

Enpresagintza Fakultatearen kasuan, adibidez, ikaskuntzarako, berrikuntzarako eta ekintzailetzarako benetako ekosistema osatu dute; lau campusek  –Oñati, Bidasoa, Bilbao Berrikuntza Faktoria eta Bilbao AS Fabrik– eta Mondragon Team Academyren ekintzailetzarako laborategien nazioarteko sareak –Bartzelona, Berlin, Bilbo, Bidasoa, Madril, Oñati, Puebla (Mexiko), Shanghai, Valentzia eta Seoul– osatua.

Horrela azaldu dute zer den MU Telebistan Enpresagintzako ekosistema: ‘Enpresagintza Fakultateko espazioak‘ izeneko erreportajean.

Hiria ikasgela bihurtuta

Hau ez da, baina, adibide bakarra. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko  Humanitate Digital Globalak graduak campusaren kontzeptua gainditzen duen proposamen ausarta luzatzen die ikasleei: ‘Hiria ikasgela bihurtuta‘ izenekoa. Hezkuntza bizitzarekin konektatze aldera, bere hormetatik harago begiratuko duen eredua proposatzen die ikasleei, azterketarik eta klase tradizionalik gabe, komunitatearekin eta herritarren premiekin konektatuko duena.

Gradu honek aukera hori eskaintzen du: hiriko ekitaldiak bertatik bertara jarraitzekoa, gizarte-eragileekin batera arazo eta premia konkretuak ikertzekoa… Hiriari buruz eta hiriarekin batera ikasteko aukera, alegia.

‘Not a usual campus’

Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren kasuan, Orona Ideo campusa, Not a usual campus, izan daiteke ekosistema irekiaren eredu honen adibiderik garbiena. Izan ere, campus hau energia-laborategi erraldoi baten erara dago diseinaturik, non espazio berean bat egiten duten unibertsitateak (Mondragon Unibertsitatea), enpresak (Orona) eta ikerketak (Ikerlan). Horrela, ikasleak erabateko ikaskuntza prozesua bizitzeko aukera izaten du graduan zehar.

Baratze proiektua

Azken adibideak Gastronomia eta Sukalde Arteen Fakultatera eramaten gaitu. Basque Culinary Centerren gastronomiaren 360ºko ikuspegia eskaintzen zaie ikasleei, diziplinarteko eta zeharkako hainbat ekimenen bitartez. Horietako bat Baratze proiektua da, non graduko ikasleek lehen pausuak ematen dituzte nekazaritzaren munduan eta ekoiztutako produktuak lehengai bezala erabiltzen dituzte Fakultatean.   

Agortzen ari da XIX. mendeko industrializazioarekin batera sortutako hezkuntza-eredua (eduki berbera ikasle guztientzat eta ikasgelako hormen artean beti) eta Mondragon Unibertsitatea gaurko erronkei erantzun berritzaileak hezkuntzatik ematen liderra da, begirada etorkizunean eta hankak orainean jarrita.

 

 

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu