Automatizazio eta robotika industriala: “Automatizazioa oso lan polita da, emakume gehiago animatuko nituzke”


Ane Solagaistua Zabala, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Ane Automatizazio eta Robotika Industrialeko goi mailako zikloko bigarren urtea burutzen ari da, DUAL aurreratua formatuan.

 

Automatizazio eta robotika industriala goi mailako heziketa zikloa ikasten ari zara, zergatik aukeratu zenuen ziklo hau egitea?

Fisikako lizentziatura amaitu ostean, 10 urte eman nituen irakaskuntza munduan lanean. Bigarren hezkuntzan klaseak emateak eskakizun kognitibo altuak dauzka eta karga emozionala era handia izan ohi da. Nire burua erosoago ikusten nuen eskulanean oinarritzen diren zereginetan, eta arrazoi horregatik lanbidez aldatzera erabaki nuen. Zikloek, denbora epe nahiko labur batean, lan munduan sartzeko aukera ematen dizute, eta hori zen hain zuen nik behar nuena, beraz robotika industrialeko goi mailako zikloa egitea erabaki nuen.

Eta zein izan zen MGEP aukeratzearen arrazoia?

Durangon bertan ikasketak egiteko aukera izan arren, MGEP-ek Arrasate inguruko enpresetarako sarbidea asko erraztuko zidala uste nuen, batez ere eredu kooperatibista daukaten enpresetara. Hori izan da MGEP aukeratzearen arrazoi nagusia, nire kasuan, argi nuen ikasketak bukatu eta lehen baileen lan baldintza onak eskaintzen dituen enpresa batean lanean hasi nahi nuela.

Zikloa DUAL aurreratua formatuan egin duzu, horrek, enpresekin lehen kontaktu bat izateko aukera eman al dizu?

Bai, hori da, DUAL-ak lehen kontaktu hori ahalbidetu dit eta esperientzia oso ona izan da. Lehengo urteko ekainetik FAGOR Automation enpresan ari naiz praktikak egiten, SAT departamentuan (Laguntza teknikorako Zerbitzua -LTZ) . Oso lan polita da, egunero arazo desberdinak daude eta irtenbidea topatu behar diegu. Lankide eta instruktoreengandik jasotako babesa erabatekoa izan da. Zorte handia eduki dudala esango nuke.

Nolakoa izan da klaseko esperientzia?

Klasean garatutako erronka eta proiektu desberdinetatik asko ikasi dut. Orokorrean, ariketak ez dira lehen saiakeran ebazten eta erronkek etengabeko hobekuntzara daraman zikloan murgiltzen zaituzte: saiakera berriak, proba berriak, hobekuntzak…

Talde oso atsegina osatu dugu, baino klasera etorri nintzen lehen egunean harrituta gelditu nintzen, emakume bakarra nintzela ikusita. Eta zikloa bukatu ostean, argi ikusi dut, robotika oso lan polita izan daitekeela emakume batentzako, ea etorkizunenen gehiago animatzen diren.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu