MGEP ziberlehian
Unai Gorostidi Olearen testigantza dakarkizuegu. Unaik eragiketa-teknologien inguruneetako zibersegurtasunari buruzko espezializazio ikastaroa burutu du aurten Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP) eta Ziberlehia lehiaketan parte hartu berri du.
Eragiketa-teknologien inguruneetako zibersegurtasunari buruzko espeziazio kurtsoa egiten ari zara, zergatik aukeratu zenuen kurtso hau eta zergatik MGEP?
Aurreko urtean IT espezializazioa egin nuen, eta ikusi nuen MGEP-ek Ziber OT espezializazioa eskaintzen zuela. Bi zibersegurtasun munduak ezagutzea interesgarria iruditu zitzaidan, eta horrela nire ibilbide profesionala osatu nahi nuen.
Zer da Ziberlehia? Zergatik erabaki zenuen bertan parte hartzea?
CyberLehia Euskadiko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako Zibersegurtasun lehiaketa bat da, FPko ikasle guztientzako, Euskadi osoan zehar antolatua. Aurten bigarren edizioa izan da, eta 450 ikaslek parte hartu dugu, gehienez hiru kideko taldeetan. Nik bakarka parte hartu nuen lehen fasean, aukera ona iruditu zitzaidalako nire gaitasunak erakusteko eta enpresen arreta pizteko. Lehiaketak hiru fase ditu, eta bi lehenengo faseetan CTF (Capture The Flag) estiloan online erronkak izan ziren, non zibersegurtasun gai desberdinak lantzen ziren. Bigarren fasetik lehenengo bost taldeak finalera pasatzen dira, eta finalak bi atal ditu: batetik, txosten bat entregatu behar da, eta horrek %50eko pisua izango du emaitza finalean; bigarren atalean, finaleko bost taldeek Eraso/Defentsa motako proba batean lehiatuko dira.
Nolakoa izan da bizi izan duzun esperientzia? Ze emaitza lortu dituzu?
Esperientzia oso polita izan da eta harreman asko egin nituen. Harrigarria izan zen nola zegoen dena antolatuta eta zenbat arreta jartzen ziguten. Lehen fasean bakarka parte hartu nuen eta 27. postuan sailkatu nintzen. 31 talde onenak pasatzen ziren eta 150 talde inguru zeuden, beraz nahiko meritua izan zen. Bigarren fasean bakarka jarraitzea zaila zen eta antolakuntzak Egibideko beste bi ikaslerekin elkartu ninduen. Haiek ere bikain ibili ziren lehen fasean. Ez genuen elkar ezagutzen baina talde lana oso ondo joan zen eta hirugarren postuan amaitu genuen, eta horrela finalera pasa ginen.
Finalean, lehen atalean txostena egin behar genuen eta puntuaziorik handiena lortu genuen. Horrek abantaila eman zigun azkeneko proba praktikorako, Eraso/Defentsa motakoa. Hori ez zitzaigun ondo atera eta bosgarren postuan amaitu genuen. Azkenean, antolakuntzak esan zigun gu izan ginela orain arte finalera iritsi den lehen talde mistoa, aurrekoetan ez baitzuen ondo funtzionatzen.
Kurtsoan zehar ikusitako gaiek lagundu al dizute lehiaketan? Eta lehiaketan bizi izandako esperientzia baliagarria izan al zaizu ikasketa prozesuan?
Kurtsoan ikasitako gaiek asko lagundu didate CyberLehiako erronkak ulertzen eta konpontzen. Bereziki lagungarria izan zitzaidan OT inguruko txostena egiteko, finaleko lehen zatian. Txostena forentse-analisiari buruzkoa zen, eta kurtsoan gai hori landu dugunez, errazago egin nuen eta hobeto ulertu nuen.
Gainera, alde teknikoaz gain, kurtsoak erronkei aurre egiteko moduak irakatsi dizkit. Klasean etengabe ikasten eta erronkak konpontzen aritzen gara, baita taldean lan egiten ere. Hori guztia oso baliagarria izan zait lehiaketarako eta nire ikasketa prozesurako.
Zer plan dituzu etorkizunerako?
Orain aste hauetan egiten ari garen proiektua amaitu nahi dut, non IT eta OT munduak elkartzen diren. Ondoren, enpresetako praktikak egitea daukat aurretik. Epe luzera, ziur nago kurtso honek eta CyberLehiako esperientziak asko lagunduko didatela, eta bi gauza horiek nire ibilbide profesionala aurrera eramateko pauso garrantzitsuak izan dira
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu