Mekatronika Industriala, Amazon prestakuntza-programa: “Asko saiatu ondoren, arazo bati irtenbidea aurkitzen diozunean, ikasitakoa ez zaizu jada ahazten”
Rodolfo García Nuñez-en testigantza dakarkizuegu. Rdolfok AMAZON prestakuntza programaren bigarren promozioan parte hartu du, eta bi urtez, Mekatronika Industrialeko goi mailako zikloa egin du Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP).
Zerk bultzatu zintuen programa honetan sartzera?
Venezuelatik, nire sorterritik, etorri nintzen Espainiara 2021ean, eta Orange-en hasi nintzen lanean. Amazon-eko aprendiz programari buruz hitz egin zidaten eta hasiera-hasieratik argi izan nuen bertan parte hartu nahi nuela. Lehenengo bi urteetan Bartzelonako zentrorako izena eman nuen, baina zoritxarrez ez ninduten aukeratu, hirugarren urtean Gironako zentrorako izena eman nuen eta orduan bai, MGEPen eskaintzen den mekatronika industrialeko goi mailako zikloan sartzeko aukera izan nuen.
Nolakoak izan zen kurtso hasiera? Erraza egin al zitzaizun dinamika berrira egokitzea?
Eskolan harrera oso ona egin ziguten, oso oroitzapen ona dut lehen egun horietaz. Irakasleek ahalegin handia egin zuten integratuta senti gintezen. Ordura arte ziklo hau euskaraz ematen zuten eta egokitu egin behar izan zuten irakasgai guztiak gaztelaniaz eskaini ahal izateko.
Behin ikasturteari hasiera eman genionean, jakin genuen Eskolan igaroko genituen aldiak biziak izango zirela; izan ere, normalean 3 hilabetetan lantzen den edukia hilabete eta erdian landu behar zen, egunero 8 orduz eskolara joanez. Horrek asko lagundu dit nola antolatu ikasten, eta hori izan da hain zuzen gakoa. Antolaketa on batekin, nahiko eskuragarria da ikasgaien erritmoari jarraitzea eta ikasturtea gainditzea.
Nolakoa izan da esperientzia MGEPen? Zer faktore positibo nabarmenduko zenituzke?
Alde batetik, instalazioak nabarmendu nahi nituzke, ikasleok makinekin eta maketa desberdinekin bakarka lan egiteko aukera izan dugu, taldean egin beharrean. Ikasle bakoitzarentzat makina bat dagoenean, ikaskuntza-prozesua asko hobetzen da; izan ere, zuk zeuk erabiltzen duzu makina, eta erabiltzen ikasi behar duzu. Ikasgelako eta tailerreko orduak ondo orekatuta egon dira, ikasgai batzuk teorikoagoak izan dira eta beste batzuk eta praktikoagoak, baina, orokorrean, esango nuke zikloa oso orekatuta dagoela, orduak eman ditugu klasean eduki teorikoekin eta beste asko tailerrean, praktikak egiten.
Beste alderdi positibo bat erronkak izan dira. Erronkek talde-lana bideratzen dute, baita lankideen arteko eta talde guztien arteko harremana ere. Erronkei dagokienez, ikusi dugu banakako lanak ez duela asko balio, koordinatu egin behar dela eta talde-irtenbide bateratuak proposatu behar direla. Hori oso ondo datorkigu etorkizunari begira, Amazonen talde handietan integratu eta koordinatu beharko baikara. Bestalde, erronketan arazo errealak planteatu zaizkigu, eta guk benetako konponbideak bilatzen saiatu behar izan dugu. Azterketa, proba eta errore zikloek ikasketa prozesua asko hobetzen dute eta lan egiten dugun ingurunea hobeto ulertzeko aukera ematen digu. Zerbait lortzen duzunean, ahalegin handia baten ostean arazo bati irtenbidea aurkitzen diozunean, hori jada ez zaizu ahazten. Gainera, pozik sentitzen zara egin duzun lanarekin eta, batez ere, harro.
Zer asmo duzu etorkizunerako?
Amazonen lanean hasi eta mantentze-lanetarako lantalde batean integratzeko irrikan nago, MGEPen ikasitakoa praktikan jarri ahal izateko. Amazonen egingo ditudan lanei balioa emateko gaitasuna dudala uste dut.
Bestalde, eta etorkizun urrunago bati begira, ez dut baztertzen ikasten eta prestatzen jarraitzea. Ezin dut esan ziklo hau erraza izan denik, baina ez zait oso zaila iruditu. Eguneroko lanarekin oso kalifikazio onak lortu ahal izan ditut eta uste dut Ingeniaritza Mekatronikoko Gradua egiteko gaitasuna badaukadala. Ibilbide hau ez dut baztertu nahi etorkizunari begira, Amazon-en ditudan asmoekin bat datorren aukera bat bezala ikusten du.


+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu