Automatizazio eta Robotika Industriala:” DUAL praktikei esker, orain, nire burua gai ikusten dut enpresa batean lanenean hasteko.”
Oier Mateos Ramos Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslearen testigantza dakarkizuegu. Oierrek Automatizazio eta Robotika Industrialeko goi mailako heziketa zikloko Ikasketak buru ditu DUAL intentsibo programaren barruan.
Zeintzuk izan dira Automatizazio eta Robotika industrialeko zikloa aukeratzeko arrazoiak ?
Txikitatik gustuko izan dut teknologia eta gauza elektriko eta elektronikoak muntatzen eta desmuntatzen ibiltzea. Batxilergo zientifiko egin nuen Arrasaten eta elektrizitatea eta programazioarekin zituzten edukiak asko gustatu zitzaizkidan. Batxilergoa bukatu nuenean argi neukan lan mundura bideratu nahi nuela ahalik eta ikasketa praktikoenak eginda, beraz horiek izan dira goi mailako ziklo hau egitera eraman nauten arrazoiak.
Nolako izan da bi urte hauetan MGEPen bizi izan duzun esperientzia, zer nabarmenduko zenuke?
Ikasturtean zehar egindako erronkak nabarmenduko nituzke batik bat. Erronketan alderdi praktikoa izaten da nagusi ikasturtean zehar ikasgai desberdinetan landutako gaien inguruan arazo erreal bat aurrera eraman behar izaten dugu. Ikuspegi praktiko hau asko gustatzen zait, kontzeptu eta ideia teorikoen aplikazioa ikusi eta gaiak desberdinak askoz hobeto ulertzen laguntzen dizute.
Erronkak hasera hasieratik landu ditugu gainera, hau da, lehen ikasturtean lehen klasean “erronka zero” deiturikoa egin genuen, espagetiak erabiltzen landutako joko bat izan zen. Erronka hau oso garrantzitsua iruditu zitzaidan, klasean batxilergotik nentorren ikasle bakarra nintzelako eta beste klase kideak ezagutu eta taldean integratzeko aukera eskaini zidalako.
Aurten DUAL intentsiboa programaren barruan osatu duzu ikasturtea, nolako izan da esperientzia hau?
Bai, oso esperientzia ona izan da, AGT enpresan ibili naiz lanean. Batez ere mantentze lanetan ibili naiz, makina berrientzako instalazio elektrikoak prestatzen. Kuadro elektrikoekin lan egin ahal izan dut, akometidak garatu, entxufeak… Hortaz gain, Mantenu lan desberdinak ere garatu ditu, motor elektrikoen inguruko mantenu operazioak gauzatuz.
Orokorrean oso esperientzia aberasgarria izan da, kalesan landutakoak helburu zehatz bat duela ulertzeko balio izan dit. Hortaz gain asko ikasteko aukera izan dut, enpresako lanetan abilezia trebatzekoa eta horrek nire buruan konfiantza gehiago izaten lagundu dit. DUAL praktikei esker, orain, nire burua gai ikusten dut enpresa batean lanenean hasteko.
Gogorra izan al da lana eta ikasketak uztartzea?
Hasieran bai, errutina eta erritmoak finkatu arte hasieran gogorra egin zitzaidan. Ikasi eta lan egiteaz gain, eskubaloian jokatzen dut eta eskubaloi talde bateko entrenatzailea naiz, beraz aktibitate guzti hauek egiten jarraitu ahal izateko nire eguna ondo planifikatzen ikasi behar izan nuen. Honek asko lagundu dit antolakuntza mailan hobetzen. Azkenean dena egiteko gai izan nintzen arazo handirik gabe.
Ze plan dituzu etorkizunerako?
Momentuz ikasten jarraitu nahiko nuke, lehen ziklo hau amaitu ostean bigarren ziklo bat egin nahiko nuke, aurrekoarekin zerikusia duena, gai elektrikoak eta muntaia prozesuak gustuko baititut. Aukera bat Mekatronika Industriala egitea izango litzateke, baino Energia Berriztagarrien zikloak ere arreta eman dit, elektrizitatea ardatza baita ziklo horretan eta gainera langile kualifikatuen lan behar handia dago.

+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu