Sareko Sistema Informatikoen Administrazioa: “DUAL esperientzia oso polita izan da, enpresa batean lan egitea zer den jakiteko aukera eman dit”
Yanira Urcelay Gomez Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslea elkarrizketatu dugu. Yanira Sareko Informatika Sistemen Administrazioko (ASIR) goi-mailako zikloko bigarren mailan dago, ikasketak DUAL trinko modalitatean egiten.
Sareko Informatika Sistemen Administrazioko zikloa ikasten ari zara. Zergatik aukeratu zenuen ziklo hau?
Betidanik gustatu izan zait teknologia, eta ondo moldatzen nintzen harekin. Hipika irakasle izateko ikastaro bat egin ondoren, gurasoek informatikako erdi mailako gradua egitera animatu ninduten eta hau bukatu ostean ez nuen zalantzarik izan, eta goi mailako bat egitea erabaki nuen.
Zer iruditu zaizu zikloa? Nolakoa izan da esperientzia?
Hasieran pentsatu nuen zikloa aldapa gora egingo zitzaidala, ez bait nekien gauza asko egiten eta beste hainbat ez nituelako ulertzen. Baina apurka-apurka, egiten genituen erronkekin eta ikaskideen eta irakasleen laguntzarekin, zalantza guztiak zailtasunik gabe ulertzen joan naiz, eta zikloa aurrera ateratzen, hasieran izango nituen konplikazio horiek gabe.
Ikasketak DUAL intentsiboan formatuan egin dituzu. Zer nabarmenduko zenuke alderdi horretatik?
Oso esperientzia polita izan da. Enpresa batean lan egin dudan lehen aldia izan da, eta enpresa mundua eta lan mundua ezagutzeko aukera izan dut. Egia esan, asko eskertzen diet ULMA Packagingeko nire kideei ez nekien guztia irakasteagatik eta haiekin lan egiteko aukera emateagatik.
Ikasketak eta lana uztartzea kostatu zaizu?
Eskolekin uztartzea ez da uste bezain zaila izan, lan guztiak egunean badaramatzazu oso erraza da. Eskolara goizean joan behar genuen, eta gero 3 ordu lan egiten nuen ULMAn, egia esan, nahiko eramangarria da. Ikaskide batzuk nekatu egin dira, baina nik esan dezaket berriro errepikatuko nukeen esperientzia polita izan dela.
Zer asmo duzu etorkizunerako?
Ikasten jarraituko dut, OT zibersegurtasunaren inguruko espezializazio ikastaro bat egin nahi nuke MGEPen, prestatzen jarraitzeko. Berriro ere DUAL programa egitea ere gustatuko litzaidake, ikasitakoa praktikan jartzeko eta, gauzak asko hobeto ulertzeko aukera ematen baitu.

+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu