Sareko informatika sistemen administrazioa: “MGEPen, goi-mailako zikloak DUAL intentsibora bideratuta daudela uste dut”


Markel Hurtado Gordo Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) ikaslea elkarrizketatu dugu. Markel Sareko Informatika Sistemen Administrazioko (ASIR) goi-mailako zikloko bigarren mailan dago, ikasketak DUAL intentsibo modalitatean egiten.

Sareko informatika sistemen administrazioko goi-mailako zikloa ikasten ari zara. Zergatik aukeratu zenuen ziklo hau MGEPen egitea?

Mikroinformatikarekin lotutako ziklo ertain bat egin nuen lehenik, eta amaitzean, Erasmus programan parte hartzeko aukera izan nuen, hilabete batzuk eman nituen Pragan lanean. Oso esperientzia positiboa izan zen eta informatikarekin lotutako zerbait ikasten jarraitzera animatu ninduen, kasu honetan goi mailako ziklo bat. Gurasoen laguntzarekin, hainbat aukera aztertu genituen, eta ikusi genuen MGEPek beste zentro batzuek baino aukera gehiago eskaintzen zituela lan-munduan sartzeko. Beraz, Arrasaten eman nuen izena.

Lan-mundura sartzeari buruz hitz egiten duzunean, ikasketen zati bat DUAL intentsibo modalitatean, enpresa batean egiteko aukera ere barne hartzen al duzu?

Bai, ikusi nuen MGEPek ikasketak DUAL intentsibo modalitatean egiteko aukera eskaintzen zuela, eta ez nuen zalantzarik izan modalitate hori aukeratzeko. Iruditzen zait MGEPen goi-mailako zikloak DUAL intentsibora bideratuta daudela. Horretarako erraztasun asko eskaintzen dizkigute, eta DUAL aukera egitera animatzen gaituzte etengabean. Gainera, modalitate horretan, enpresan egindako lan orduak eskola-orduetatik deskontatzen dira, eta horrek oso erakargarri bihurtzen du aukera hau. Ikasketak DUAL intentsiboan egitea erabaki dugun ia ikasle guztiok enpresa batean lan egiteko aukera izan dugu.

Nolakoa izaten ari da DUAL intentsiboaren esperientzia hori?

Oso positiboa, Laboral Kutxan ari naiz, arratsaldez lan egiten dut, 3 orduz. Hasieran, enpresako gauza berri guztiak ikasteko prozesua gogorra izan zen, baina behin enpresara egokitu naizenean, dena erraza izaten ari da. Klasean 5 orduz egoten naiz goizean eta talde ona osatu dugu eta oso giro ona dugu. Ikasgelako aldien eta lan-aldien arteko konbinazio hori asko gustatzen zait, oso entretenigarria iruditzen zait eta asko motibatzen nau.

Zer asmo duzu etorkizunerako?

Goi mailako ziklo hau nahiko erraz gainditzea lortu dut, oso kalifikazio onekin, eta argi daukat hurrengo urratsa informatikako gradua egitea izango dela. Argi daukat gehiago ahalegindu behar izango dudala, baina gai izango naizela uste. Ikasten jarraitzeko ilusioz nago.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu