Bizentaren lumak!


Maite Legarrak, Enpresagintzako Berdintasun taldeko kide batek, lehen mailako ikasleekin eginiko ekintza baten berri ematen digu:

“Atzo, urriak 29, Emakundek antolatzen duen Emakunde eta Gizonen berdintasunerako XII. Gunearen baitan, Elhuyar Aholkularitzarekin kolaborazioan, Bizentaren Lumak solas jokoa burutu genuen.

Solas jokoaren helburu nagusia gazteek berdintasunaren inguruan hitz egitea da, gairen inguruko hausnarketa, arrazoiketa eta eztabaida konpartitu bat sortuz. Horrez gain, gazteen ahalmentzea ere lantzen da.

Bizentaren lumak solas jokoa 4 karta motaz osatuta dago:

  1. Istorio txartelak: gazteen artean ematen diren gertaera, egoera, bizipen eta sentimenduak jasotzen dira.
  2. Informazio txartelak: Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren inguruan dauden kontzeptu desberdinak eta hauen azalpenak jasotzen dira. Adibidez, androzentrismoa, sexismoa, indarkeria sexista, genero-arauak, genero-rolak genero-identitatea, Queer teoria, maskulinitate berriak, lan produktiboa eta erreproduktiboa, erantzukidetasuna, pobreziaren feminizazioa, maitasun erromantikoa, eta abar.
  3. Eztabaidagaiak: informazio txartelekin lotuta daude. Taldeetan eztabaida sortzea kostatzen baldin bada ateratzen dira eta, kontzeptu desberdinen inguruko galderetan daude oinarrituta.
  4. Erronkak: eztabaida moteltzen denean erabiltzen dira, eztabaida berriz suspertzeko.

Beraz, jokoaren muina istorio txartelak informazio txartelekin erlazionatzea da, horrek taldekideen artean gogoeta eta eztabaida sortzen duelarik.

Gure kasuan istorio desberdinak landu genituen:

  • Larunbat gauean ligatu eta autora joan den bikotearen istorioa, behin kotxean egonda txortan ez egitea erabakitzen du neskak eta mutilak kotxetik botatzen du (bi aldeetatik kontatua).
  • 40 arropa neurria erabiltzen duen neskaren istorioa, modan dauden arropak janztea geroz eta zailago egiten zaio eta, ondorioz, mirarizko dieta bat egin behar ote duen pentsatzen ari da.
  • 34 arropa neurria erabiltzen duen neskaren istorio, psikologoak 5 lerro idazteko eskatu dizkio gaixotasuna deskribatzen lagunduko diotelako. Baina berak ez dagoela gaixo uste du, berak kontrolatzen du, gurasoek dute arazoa anorexia duela uste dutelako.
  • Bikotearekin 8 urte bizitzen daramatzan neskaren istorioa, biak lan egiten dute astean zehar eta asteburuetan mutilak bere aisialdirako denbora hartzen du, bera etxeko lanak egiten gelditzen den bitartean. Harreman sano eta berdinzalea duten zalantzan jartzen hasi da.

Ordubetez istorio hauetaz eta beste bizipen batzuetaz hausnartzen egon ostean, talde bakoitzak besteen aurrean landutako istorioa eta erlazionatutako kontzeptuak azaldu genituen, bakoitzak egindako hausnarketak konpartituz.

Bukatzeko talde bakoitzak hartutako konpromisoak zerrendatu genituen:

  • Bakoitzaren izaera eta janzteko modua errespetatuko dugu, portaera desberdinak kritikatu gabe. Bakoitza den bezalakoa dela onartuko dugu.
  • Kritikei aurre egingo diegu, ez ditugu barneratuko.
  • Besteen izana eta portaerak gutxiago kritikatuko ditugu.
  • Gure inguruan norbait kritikatzen entzuten badugu, gelditu egingo dugu, kritiken kontrako jarrera aktiboa hartuko dugu.
  • Gai zehatz batzuk ekidingo ditugu, kritikan oinarritzen direlako; behar duenari laguntzeko prest egongo gara.
  • Lotsarik gabe ezetz esaten hasiko edo jarraituko dugu. Baina ezetza onartzen ere ikasiko dugu.
  • Aurre iritziak albo batera utziko ditugu.
  • Berdintasunaren alde lan egingo dugu, antolatzen diren ekimen desberdinetan parte hartuz.
  • Hezkuntzan edertasun ereduen inguruan lan egin behar dela uste dugu, anorexia kasuak sakonago aztertu behar direla. Gure seme alabei (noizbait baditugu) telebistan agertzen diren iragarkietako mezuak ez direla “perfektuak” esango diegu.
  • Hemendik aurrera etxeko gizonezkoei esango diegu etxean gehiago laguntzeko eta, emakumeek egiten duten berdina egiteko.

Oso goiz aberasgarria pasatu genuen, kontzeptu berriak ezagutu eta eztabaida edo gogoetarako espazio perfektua izan genuen. Jokoan parte hartu zutenek positiboki baloratu zuten ekimena, gustura egon zirela adierazi zuten.”

Eskerrik asko Maite!! Ekintza aberatsgarria eta politta benetan!

Iruzkin 1 dago

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga