Computers are fun!


Lehenengo eta behin, aitortza: ez naiz informatikaria formakuntzaz. Nik elektronika industriala ikasi nuen Mondragon Unibertsitatean, oraindik MU ez zenean, 90. hamarkadaren hasieran.

Gari Araolaza

12 urte nituenetik nabil ordenagailuekin. Gure etxeko Commodorea ez zen Commodore 64 eta horregatik ez zegoen berarentzat softwarerik, eta BASIC ikasi eta hainbat joko txiki egin nituen, gero jolasteko.

Unibertsitatera joateko garairako PC-ekin ohituta nengoen eta José Manuel Corcueraren bidez Eskola ezagutu ahal izan nuen, informatika ikasteko intentzioekin. Gustatu zitzaidan eta horrela eman nuen izena eta hurrengo urtean Ingenieritza ikasten hasi nintzen. Garai hartan Pascalen programatzen genuen, 20 bat terminal lotuta zituen Amalloren microVAX hartan.

Kontua da hasieratik iruditu zitzaidala informatikariek aspergarri itxura zutela, eta nik gehiago “katxarreatu” nahi nuenez, eta informatika pixka bat ere ikasten zenez, garai hartako Sistema Elektronikoak ikasi nuen.

Proiektua bukatutakoan (1993-a zen) Alemaniara joan nintzen esperientzia gehiagoren bila, eta han hurrengo urtean lortu nuen nire lehenengo eposta helbidea eta Mosaic erabiltzeko aukera! (WWW-ren hastapenak!). Horrekin Interneten mundu berria ezagutu nuen.

Handik itzultzean, 5 urtez enpresa industrial batean lan egin ondoren, beste lagun batzuekin enpresa montatu genuen, CodeSyntax, “Interneteko gauzak egiteko”. Kosta zitzaigun informatikari bat kontratatzea, baina orain 15 lagun gara eta horietatik asko dira informatikariak.

Alde akademikoa garrantzitsua da, baina askoz garrantzitsuagoa da pertsonaren izaera, jarrera, nola egiten dien aurre arazoei. Informatika gaur egun adaptazio gehien eskatzen duen lana da, egunero aplikazio berriak, lan metodo berriak, nobedadeak. Larreinak “Sistemas Operativos” gaian esan zigun bezala, “hesien gainetik salto egiteko” prestatu behar dugu gure burua.

CodeSyntax-en web aplikazioak egiten ditugu, CMS-ak (edukiak kudeatzeko sistemak), webguneak eta abar. Oso lan bizia da eta motibazio handikoa. Horretan uste dut garrantzitsua dela lan ingurua aukeratzea, norberak moldatzea eta sortzea lan ingurune hori, bizitasun eta gusto hori izango duena. Niretzat oso garrantzitsua da hau gaur egun informatikari batentzat, toki askotan informatikariak bihurtu bait dira galeretan egoten ziren arraunlariak bezala, ezer ere ez pentsatu beharrik gabe klik-klik-klik tekleatzen dauden langile otzanak.

Nik gaur egun ez dut asko programatzen, noizean behin Python-en (ikasi gaur bertan Python!!!) eta denbora gehiena proiektuak kudeatzen, epostak idazten edo webguneetan gertatzen direnak ikertzen ematen dut. Baina nere lankide programatzaile sutsuak abangoardian dabiltza, beti ere azkeneko buildout, editore edo lan egiteko moduaren bila. Oso motibatzailea!

Bai, Computers are fun, baina zuk aurkitu behar diozu alde dibertigarri hori, gustoaz hartu eta ez zaizu damutuko!

+ No hay comentarios

Añade el tuyo