Alex Aranburu eta Leire Murillo eroso.eus plataforma teknologikoaren sortzaile


Kaixo, Alex Aranburu eta Leire Murillo gara, Mondragon Unibertsitako Goi Eskola Politeknikoan (MU-GEP) Telekomunikazio Sistemen Ingenieritzako ikasle ohiak.

Alex Aranburu eta Leire Murillo ekintzaileak Suizako Alpeetan

Gradua amaitu ostean mundua ezagutzeko genuen grinagatik masterreko ikasketak kanpoan egitea erabaki genuen:

Alexek Informazio Sistema Elektronikoen Master-a burutu ostean, Californiara jo zuen bertan Seinale Prozesamendu eta Algoritmoetan oinarritutako Master-a egitera. Ondoren, ikasketak Washington DC-ko Quantic enpresagintza eskolako MBA batekin bukatu zituen.

Leirek bestalde, Suedian ikasi zuen bere Master-a Sistema Elektronikoetan, ikasketen ardatza Seinale Prozesamendu eta Uhinen Propagazioa izanik.

MU-ko Gradu garaiko lan-ikaste partekatzera (LIP) ohituta, biok gure ikasketak burutu bitartean lanean jarraitu genuen. Batek Silicon Valley-ko Poly enpresan, audio komunikaziorako algoritmoak eta software-a garatzen eta besteak Suediako Elektrolux enpresarentzat garbigailu sareen monitoretza sistemetan lanean.

Behin ikastetak amaitu eta denbora gutxira, biok batera Suitzako Zurich hirira etortzea erabaki genuen. Hemen, eremu ezberdinetan genituen jakintzak baliatuta eta ekintzailetasunak bultzatuta, AldarTech Innovation enpresa sortu genuen. Dagoeneko bi urte daramagu Suitzan proiektu ezberdinetan lanean, bertako zein kanpoko enpresentzat garapen teknologikoak aurrera eramanez. Proiektu bat aipatzekotan aurreko urteko konfinamenduan zehar sortutako EROSO.EUS plataforma izango litzateke. Jokin Mujikarekin batera sortutako proiektu honen bidez jatetxe eta komertzioetako eskaintza bezeroen etxeetara eramaten dugu.

Helburu nagusia, birusak sortutako ezjakintasun garai honetan, jatetxe eta komertzioei erakusleiho berri bat eman eta kontsumo tendentzia berrietara egokitzeko aukerak ematea da. Dagoeneko Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Urretxu eta Zumarragan ematen dugu zerbitzua, 25 establezimendu baino gehiagoerekin lan eginez. Gaur arte 10.000 eskaera baino gehiago banatu ditugu. Bikote, familia, pertsona heldu eta lagun-taldeez gain, MU-ko ikasle ugari ere izan ditugu gure erabiltzaileen artean. Zerbitzuaz gozatzeko, eroso.eus webgunean sartu, establezimendua, jasotze ordua eta kokalekua zehaztu eta internet bidezko ordainketa segurua egitearekin nahikoa da. Eskaera eguneko edozein momentutan egin daiteke jatetxeen kasuan (entrega ordua baino 45 minutu  lehenagorarte) eta aurreko egunetik herriko komertzioetan erostea erabakitzen bada.

 

Proiektu ekintzaile honen erronka teknologikoen artean web plataformaren garapena, mobilerako establezimendu eta banatzaileentzako aplikazioak eta banaketen asignaziorako algoritmoa egon dira. Horretarako gure programazio (PHP, Javascript, C#, Xamarin, etab.) jakintzak erabili ditugu.

Diapositiva2

Proiektu berrien parte izateko nahia eta eremu ezberdinetatik jasotako jakintza bateratzeko grina POPBL garaian jaio zen eta ez dugu inoiz atzean utzi. Mondragon Unibertsitateko garaian jasotako oinarriak garrantzitsuak izan dira gerora eman ditugun pausoetan.

Joseba Argiñanok EiTBen Eroso-ri egindako elkarrizketa

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu