Ane Diaz de Tuestaren testigantza, MU Informatikako ikasle ohia eta Node.js-ren praktika onen gida euskarara itzuli berri duena


Ane Diaz de Tuesta, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Informatika ikasle ohia dugu, eta egun hauetan gurekin izan dugu Garaiako MUko eraikin berrian bisita egiten. Berarekin elkarrizketa bat izateko aprobetxatu dugu, bere ibilbide profesionala ezagutzeko eta nola ez, zuzenean, bere azken erronkaren berri emateko.

Ane Diaz de Tuesta

Anek Programazio praktika onen gida ezagun baten euskarazko itzulpena egin du, bere aitarekin batera, kode irekiko Node.js-ren praktika onen gida, alegia.

Orain dela egun batzuk argitaratu du paktika onen  gidaren  euskarazko bertsioaren komunikazio ofiziala,  eta euskal programatzaileen artean zabaltzea ere nahiko genuke. Horretarako, artikulu bat idatzi du ere, eta sare sozialetan ere zabaldu du informazioa. Hemen dituzue estekak:

Eta jarraian, hona hemen elkarrizketa:

Ane, lehenik eta behin, zorionak eta era berean, eskerrik asko, zure ekarpenagaitik!!

Aprobetxatuko dugu gure artean zaudela, zu gertuagotik ezagutzeko.

Ane, nor zaren azaldu mesedez
Ane Diaz de Tuesta naiz, arrasatearra, eta 2009tik Bordelen bizi naiz.

Ane Diaz de Tuestaren zaletasuna aprobetxatuz hona hemen bere  buruarekiko egindako ausnarketa eta errepresentazio grafikoa

bai 2019 eta 2020 urteetan bizitako erronkarik aipagarrienak

Zure zaletasunak aipatu ditzakezu mesedez?

Oso kirolaria naiz. Batez ere korrika egiten dut (2 maratoi egin ditut eta maratoi erdi eta bestelako lasterketa ugari). Bizikleta zalea ere banaiz (Bordeletik mediterraneora bizikletan joan nintzen behin aitarekin, kanalak jarraituta, eta antzera Frantziako iparraldera, gure gauza guztiak gainean eramanda), eta noski, mendizale sutsua. Komunikazio grafikoa azken urteetako nire zaletasun berria da. Bai nire bizitza pertsonalean eta lanean ere erabiltzen dudana. Berau ezagutu eta praktikatzen hasi ondoren, informatikari buruzko kongresuetara joaten nintzen gai honi buruz hitz egiten, hau da, komunikazio grafikoa informatikan ezarria. Hamar bat hitzaldi eman ditut honen inguruan, baita teknika hau ikasteko tailerrak ere. Niri oso lagungarria iruditzen zait informazioa hobeto ulertzeko, partekatzeko eta memorizatzeko ere.

Duela hilabete batzuk, nire lehenengo lan ofiziala egin nuen erraztaile grafiko gisa Microsoft-entzat. Informatikaren inguruko 14 hitzaldiren laburpenak egin nituen modu grafikoan, batez ere web munduan erabiltzen ditugun teknologiei buruz, eta Microsoft-ek hauekin lotuta dituen produktuei buruz. Marrazki hauekin liburu bat argitaratu nahi du Microsoft-ek, eta liburu honen azaleko marrazkia ere egiteko eskatu zidaten. Benetan lan polita izan da niretzat, eta gustatuko litzaidake aurrerantzean mota honetako lan gehiago egin ahal izatea. Beraz, publizitate pixkat ere egiteko aprobetxatzen dut, hemen dituzue marrazkiak ikusgai.

Bikain Ane!!

Bueltatu gaitez mesedez zure formakuntza ibilbidera. MU-n izan duzun esperientzia kontatuko diguzu?
2005etik 2010era sistemen ingeniaritza teknikoa, hau da, Informatika ikasi nuen MU-n. Gradua oraindik existitu baino pixkat lehenago izan zen. Ikasketa bukaerako proiektua, urtebeteko iraupena duena, Erasmus bidez egin nuen Bordelen. 2009an joan nintzen beraz Bordelera azkeneko ikasturte honetan.
Garai horretan, Erasmus beka eskatzen genuen ikasleoi ingelesa bakarrik eskatu ziguten beharrezko baldintza gisa. Izan ere, teorian, informatikarekin erlazionatutako proiektu bat burutzeko ingelesa nahikoa da.

Zure ikasketak nola osatu zenituen Bordelen?
Bordelen goi mailako ingeniaritza egin nuen, teknikoa Arrasaten bukatu ondoren. Ez zen erraza izan Bordeleko ingeniari eskolan onartua izatea, hezkuntza sistema ez baita berdina eta Frantziako Ingeniari eskoletan ikasi ahal izateko azterketa zail bat egin behar da. Nik espediente bidez sartzea lortu nuen, epaimahai baten erabakiaren ostean.
Ikasgaiak ez ziren errazak izan, baina niretzat zailena hizkuntza izan zen. Izan ere, Bordeleko nire lehenengo urtean Erasmusa egin nuen eta ingelesez hitz egiten pasa nuen ia urte osoa (frantsesa ikasteko klaseetara joaten hasi nintzen arren) . Beraz, ingeniaritza egiten hasi nintzenean, oso gogorra egin zitzaidan 7-8 orduko klaseak edukitzea, denbora osoan frantsesa bakarrik entzutea, eta oso galduta sentitu nintzen talde lanak eta bestelakoak egiterako orduan.
Hara ere, ikasgai guztiak lehenengoan aprobatzea lortu nuen, eta sekula errepikatu gabe ikasketak bukatzea lortu nuen.

Zeintzuk dira MU-ko ezaugarriak (gure ikasketatik azpimarratuko zenituzkeenak)?
Teorian bakarrik oinarritzen ez den hezkuntza sistema bat edukitzea, hau da, lan praktikoak ere eskaintzen eta baloratzen dituena. Irakasleen jarrera baita ere, adibidez, PBL-a (Problem Based learning) egiten ari ginenean zalantza asko izaten genituen, eta irakasleen laguntza eta aholkuak behar genituen sarritan. Hauek beti saiatzen ziren tartetxo bat aurkitzen gure galderak erantzuteko, edo eta bileratxo bat egiteko zalantzak hobeto argitzeko.
Irakasle batzuk aurretik enpresetan lan egindakoak dira. Hau ere garrantzitsua iruditzen zait, hau da, ez bakarrik ezagutza teoriko eta akademikoak edukitzea ematen duten ikasgaiaren inguruan, lan munduan ere esperientzia edukitzea. Ikuspegi ezberdinak edukitzea ezinbestekoa da.

Azaldu mesedez zure ibilbide profesionala
Ikasketak amaitu eta Frantziako INEM-arentzat lanean hasi nintzen, kontsultora baten bitartez .
Ondoren, Lectra izeneko enpresa bordeletar batean lan egin nuen, Industry 4.0-n lan egiten duen enpresa oso ezaguna. Bordelen 800 bat langile ditu eta mundu guztian 1500 baino gehiago. Ikerketa eta garapen departamentuan lan egin nuen Cloud-eko web aplikazioetan alegia.
Ondoren, esperientzia oso labur bat izan nuen start-up txiki batean. Honen produktua RGPD-a kudeatzeko tresna bat da, eta beronen berezitasuna erabiltzaileen baimenak Blokchain batean gordetzen zituela zen.
Gaur egun, gutxi gora-behera pandemia hasi zenetik, FieldBox.ai izeneko enpresan ari naiz lanean, Inteligentzia Artifizialean aditua den enpresa. Industriako hainbat enpresa (Michelin, Total, SBM Offshore, …), e-commerce (CDiscount, oso ezaguna Frantzian), Parisko Aireportuak, RATP … bezalako bezeroak ditugu. Produkzio sistemaren hobetzea,  ekoizpen mantenketa, “mantentze prediktiboa”, eta beste hainbat hobekuntza egitea laguntzen duen tresna bat saltzen dugu. Tresna honek, gure bezeroen datuak sarreratzat edukita, Machine Learning eta bestelako algoritmoak aplikatzen ditu, gure bezeroen sistemen etekin hoberena ateratzeko. Adibidez, petroleo plataforma batean, ur azpian sakon-sakon dagoen pieza bat noiz apurtuko den aurreikusteko balio du. Gure bezeroa, pieza hau apurtu aurretik aldatzeko gai da, eta honek diru aurrezte ikaragarria suposatzen du, pieza baten ordezkapena modu planifikatuan egiteak askoz gastu gutxiago suposatzen baitu, kontutan hartzen badugu gainera pieza apurtu ondoren aldatzeak dakartzan arazo eta bestelako ondorioak (kutsadura, beste aberia batzuk, etab.). Hau da benetako balio erantsia!  DataScientist ugari daude nire enpresan, eta ni aplikazioaren FrontEnd-a garatzen duten gutxi batzuen parte naiz.

Emakumeen papera informatika munduan nola ikusten duzu?

Betidanik ikusi ditut emakume oso gutxi informatika munduan, edo behintzat, programatzaile gisa lanean (adibidez, INEM-en neska bakarra nintzen, eta beste 50-60 programatzaileak gizonezkoak ziren). Ikasketetan ere antzera gertatu zitzaidan. Sekula ez dut sentitu nire burua diskriminatuta neska barrenetarikoa izateagatik. Neri berdin zait neska edo mutilekin lan egin, egia esan, lankide jator eta argiekin, hau da, lankide onekin, lan egitea baloratzen dut. Hala ere, begibistakoa da badagoela zerbait ezberdintasun hau eragiten duena. Nire ustetan, gure gizartean orokorrean gertatzen den fenomeno bat da, txiki-txikitatik, hezkuntzatik datorren zerbait alegia, eta ez bakarrik informatikan gertatzen den zerbait. Alor guztietan, aniztasuna edukitzea garrantzitsua da, jendeak holako ikasketa mota, sektore eta  lanpostuetan beren burua ikusteko. Horretarako, emakumeen agerpena informatika munduan bultzatzea ezinbestekoa da, belaunaldi berrietako neskatila eta neskek emakumezko ereduak eduki ditzaten, eta mota honetako ikasketak egiteko gogoa izan dezaten.

Ane Diaz de Tuesta

Gainera, niretzat garrantzitsua da informatika betidanik eduki dugun cliché edo topikotik aldentzea, hau da, betiko “friki” irudiarekin erlazionatzen uztea. Informatikaren onurak erakutsi behar zaizkie datozen belaunaldiei, gizartearentzat eta baita etorkizunera begira egiten diren aurrerapenetan. Informatika alor interesgarri eta aberats gisa aurkeztu behar da mundura, jendeak gogoa izan dezan mota honetako ikasketak egiteko. Argi dago inori ez zaiola erakargarria iruditzen etxean sartuta, bideo-jokoetan jokatzen eta programatzen pasatzen duen mutil betaurrekodun potoloa, sozialki arraro xamarra dena… hori ezabatzen saiatu behar gara denon artean!!

Ze gomendio emango zenien belaunaldi berriei, gaur egungo ikasleei?
Eskolan egindakoa ondoren tokatzen denaren hasiera besterik ez da, aprobetxatu ahalik eta gauza gehien ikasteko eta egiteko!
Txip aldaketa bat ere egin behar da (edo nik behintzat egin behar izan nuen), argi izan ingeniari izateak etengabe ikasten jarraitzea suposatzen duela, behin lanean ari zaretenean ere. Niretzat, hau da nire laneko gauzarik politena, eta benetan zortedun sentitzen naiz.

 

Ane Diaz de Tuestaren haina arrakastatsua izan den beste ekarpena

Zure Node.js praktika onen euskarazko bertsioa

Node.js-ren praktika onen gidaren itzulpenak egin dut aitarekin batera, urtebete inguru eman dugu honetan lanean. Ez da nahastu behar Node.js-ren gida eta Node.js-ren praktika onen gida. Gidak ez du teknologiak zertan datzan azaltzen, baizik eta teknologia hau erabili eta beronekin programatzerako orduan eduki beharreko praktika onak, aholkuak, ekidin beharrekoak etab. oso gida praktikoa da. Lanean nabilenetik ezagutzak partekatzeari garrantzi handia ematen diot, etengabe ikasteari eta hausnartzeari, informatikaren funtsa da hori. Gida honen berri izan nuenean aukera polita zela iruditu zitzaidan, bai niretzat, Node.js-ren inguruan gehiago jakiteko eta gida idatzi dutenengatik ikasteko eta baita besteentzat zerbait egiteko. Sarea sortzeko ere aukera ona da, mundu osoko beste programatzaile batzuekin harremanetan egotea eskatzen baitu.

Gida hau GitHub-en dago argitaratua, esteka honetan. Jende ugarik elkarlanean proiektu informatikoen inguruan lan egiteko tresna oso ezaguna da, eta Git erabiltzen du edukiaren kudeaketa egiteko. Niretzat tresna bikaina eta praktikoa, erraz urrutiko jendearekin komunikatzeko eta lana antolatu eta sinkronizatzeko. Aitarekin berriz, itzulpenaren berrirakurketak eta zuzenketak egiteko e-mail bidez eta Google Docs bidez moldatzen ginen, eta oso ondo funtzionatu digu. Askotan telefonoa ere oso lagungarri egin zaigu.

Hementxe nire GitHub orria ere

Amaitzeko, kuriositate bat, nola ikusten zaigu (MU ) kanpotik?

Unibertsitate munduan jendeak ezagutzen du  MU, iparraldeko ikaskideren bat eduki dut Bordelen eta  MU ezagutzen zuen.
Frantziako enpresa munduan, aldiz, ez dakit oso ezaguna den MU.

Badugu erronka orduan!  ;-D
Primeran Ane, mila esker gurekin zure hezkuntza ibilbidea eta profesionala partekatzeagatik, eta nola ez, zure ekarpen baliagarriagatik euskara eta Node.js programatzaileentzat. Nahi duzun arte! Plazerra izan da zure berri izatea!

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu