IDS Informatika Industrialean lanean (Industry 4.0)
Kaixo,
Jone Goitia Otadui naiz eta Ids Industrial enpresan lan egiten dut Bergaran. Mondragon Unibertsitateko Mondragon Goi Eskola Politeknikoan ingeniaritza teknikoa informatikan ikasi nuen 1994tik-1998ra, eta ondoren, MGEPeko Goier programaren bidez, Toulousen eman nituen 2 urte, lehen urtea Paul Sabatier unibertsitatean, informatikako maitrisea burutzen, (hemengo lizentziaturaren azken urtearen baliokidea) eta bigarren urtea, ENSEEIHT eskolan master bat egiten, informatikan aplikaturiko metodo aurreratuei buruz.
Jone Goitia Otadui IDS Industrial ingeniaritzan lanean
Lehen proiektua Ikerlanen egin nuen, eta bertan garatutako diseñurako konfiguratzaile bat ezagutzeko aukera izan nuen.
Bigarren proiektua egiten aldiz, Fagor Ederlanen izan nintzen, mekanizazioan sortzen zen defektiboa kudeatzen zuen programa bat garatzen.
Ikasketak amaitu bezain laster, bekadun moduan aritu nintzen web aplikazioen garapen lanetan, ondoren ERP-en munduan ere aritu nintzen, eta azkenik 2004. urteaz geroztik Ids Industrial enpresan dihardut.
Ids Industrial enpresan, planta industrialak automatizatzeko eta informatizatzeko proiektuak egiten dira.
Software industriala garatzen duen lantaldean arlo ezberdinak ukitzen dira, horrela planta industrialetan ematen diren prozesu guztiak batuz: logistika eta almazenen kudeaketa, gainbegiratze eta kontrola, monitorizazioa, plantako datuen kaptura denbora errealean, trazabilitatea, kalitatea eta mantenimendua. Honetaz gain proiektu pertsonalizatuak ere egiten dira, bezero bakoitzaren beharren arabera.
Entte izeneko produktu estandarra garatzen duen lantaldean aritzen naiz ni. Produktu honek planta industrial baten ematen diren prozesu guztiak kontrolatzen ditu, lehengaia jasotzen denetik, irtetzen den produktuaren bidalketaraino. Tartean izandako fabrikazioan, makinetako datuen kapturak egiten dira, geldiuneak, akatsdun piezak etab. jasoaz lan agindu bakoitzeko. Subkontratatzen diren prozesuak badaude, hauek ere kontrolatzeko aukera ematen du. Trazabilitatearen kontrola eramaten da, edozein momentutan produktu bat zein lehengaietatik datorren ezagutuz. Produktuaren kalitatea zihurtatzen duen modulu bat ere badauka Enntte-k, baita plantako mantenimendua kontrolatzen duen modulua ere. Almazenak kudeatzeko aukera ere eskeintzen du beste modulu batekin, horrela planta barruan dagoen materiala edozein momentutan jakin daiteke non dagoen.
Ikerkuntza eta garapenean inbertitzen da Ids Industrialen eskeintzen diren soluzioak berritzaileak izan daitezen. Unibertsitate eta ikerkuntza zentruekin batera proiektu europearretan parte hartzen du, bertatik irtendako aurrerapen teknologikoak aplikatzeko aukera izanez.
Informatika ikasteak, sormena arlo ezberdinetan lantzeko aukera ematen du. Ikasketa hauek, enpresetan egindako bi proiektuak barne, asko erraztu didate lan munduan murgiltzeko bidea. Garrantzitsuak izan dira taldean lan egiteko gaitasuna lantzea eta norbere lana kudeatzeko gai izatea, eta informatika munduan batez ere, eboluzioaren azkartasuna dela eta, ahal den heinean eguneratuta egotearen beharra ikustea.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu