Ikasle eta irakasleentzat ikasmaterialgintzaren digitalizazio prozesuak bultzatzen
Duela 24 urte bukatu nituen nire ikasketak Arrasateko ingeniaritza eskola politeknikoan (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa , MGEP). Gauzak asko aldatu dira han urte horietan, orduan ez zen Unibertsitatea, eta nik aukeratu nuen ingeniaritza tekniko informatikoa ez zegoen normalizatuta. Izan ere etxean dudan titulazioan elektronika ikasi nuela dio, orain elektronikaz ezer gutxi dakidan arren.
Ander Iturburu, Ikastolen Elkartean langile
Jose Maria Arizmendiarrieta Eskola Politeknikoaren (MGEP) eskutik jaso nituen ezagutza informatikoek berriz nire ibilbide profesionala erabat markatu dute. Ikasketak bukatu eta urte pare bat irakaskuntzan bota ondoren hasi nintzen ordu ezkeroztik nire lan egutegia betetzen duen Ikastolen Elkartean lanean. Orduan ere Ikastolen Elkarteko IKT arduradunek hezkuntzarako ikasmaterialak Multimedia moduan egitera erabakia hartuta zuten. Nik Informatikaren atal grafikoa beti izan dut gustuko eta hainbat ikastarotan kointzidituta haiekin lanean hasi nintzen.
Hasieratik Europa mailako hainbat proiektutan parte hartzeko aukera izan nuen. Ondoren, pedagogia teknikari, gidoilari, marrazkilari eta ekoizpenerako beharrezkoak ziren beste hainbat teknikariekin batera elkarlanean Euskal Herrian horren ezagunak diren Urtxintxa eta Txanela hezkuntza proiektuetan lantzen diren Ikastolen Elkarteko CD-ROMetan parte zuzena hartu nuen. Artikulu hau irakurtzen duzuen zuetako batzuk 3 urteko TTANTTO ikasmateriala ezaguna egingo zaizue seguruenik. Horri Txirritx, Xango, Birraitonaren Museoa eta 20 CD-ROMetik gorako zerrenda luze batek jarraitu zion. Horietako askok Eusko Jaurlaritzak ematen zituen Migel Altzo sarien irabazle gertatu ziren eta Ingelesa ikasteko Space Search CD-ROMak 2006an Londresko Buckingham jauregira eraman gintuen dukearen eskutik Europa mailako ingelesa irakasteko ikasmaterialik hoberenaren “English-Speaking Union English Language Book Award” jasotzera .
Gaur egun DBHko EKI proiektuaren inguruan gabiltza lanean. Ikasmaterialgintzaren digitalizazio prozesua bultzatzen, ikasketarako 1-1 ereduan buru belarri, 100% digitalki eta paperean oinarritutako ikasmaterialik gabeko proiektuak indartzen, hori posible izateko Ikastolen wifi azpiegiturak hobetzeko prozesuak aholkatzen, ikasleen lantresna diren Chromebooken aldeko apustua gauzatzen eta koordinatzen, proiektua ikasgelan gauzatu behar duten irakasleen prestakuntza bideratzen … Adibide gisa, hona hemen Elgoibar Ikastolako landutako bideoa. Elgoibar Ikastola hasieratik dago EKI digitala lantzen eta Ikastolen Elkartearekin batera ACER eta Googleren eskutik Bruselara gonbidatuak izan ginen.
Lehen eta orain ere gure herriko milaka ikasleen ikasketa prozesuan eragin zuzenarekin aitzindari izaten jarraitzen dugu Ikastolen Elkartean. Informatikak atal asko dauzka eta lan esparru oso zabala. Niri pertsonalki gure lanak gizartean duen eragina ikusteak betetzen nau. Oraindik ere nire semeak pantailan TTanttorekin berriketan ikusten ditudanetik hasi, hainbat eta hainbat ikasgelatan gazteak beren eramangarriekin lanean ikusten ditudanean edo beraien irakasleak IKT konpetentziatan trebatzeaz arro ikusten ditudanean nire lan eta esfortzuak zentzua hartzen du. Eta horrek guztiak, niretzat, Arrasateko Eskola Politeknikoan izan zuen hasiera.
Eta beste hainbat sari zerrenda:
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu