MGEPeko Informatikako graduko ikasleak ITILen ezarpen errealak ezagutzen Proactivaneten eskutik
Martxoak 21an Proactivanet enpresako ordezkaria den Alejandro Castrok hitzaldi bat eman die Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Informatika Ingeniaritza graduko 3.mailako ikasleei. Hitzaldia Informazio sistemak ikasgaian kokatua izan da, eta bereziki 2.semestreko PBL metodologian oinarritutako proiektuan.
Helburua gelaren eremuan ikasitako ITIL prozesuak ezartzeko errealitatea gertutik ezagutzea izan da. Alejandro Castrok horretan eskarmentu handiko bide luzea eginda dauka, bai Proactivanet enpresako zuzendari tekniko bezala, baina baita noski, ITIL hezitzaile zertifikatua delako. Komunikatzaile trebea ere bada. Beraz, ederki azaldu dizkie ikasleei enpresa baten ITILen ezarpena egiterakoan eman beharreko pausoak, milaka adibide errealetan oinarrituz. Bere hitzaldia gomendio ugariz betea izan da.
Ikasleen partehartzea ere sustatu du, eta batek baino gehiagok opari sorta ederra batu du, adi egoteagatik eta berak egindako galderei, azkar erantzun zuzenak emateagatik.
Informatika Ingeniaritza graduko 3.mailako ikasleak dagoeneko 2. semestreko PBL metodologian oinarritutako proiektuan murgildurik daude. Aurten software produktu berritzaile bat garatu behar dute eta honen inguruan enpresa bat sortu non produktu horiek saltzeaz gain, hauen inguruan mantenuko zerbitzu bat eskainiko den. Hori dela eta Service desk bat antolatu beharko dute, eta hitzaldian batutakoa oso erabilgarria egingo zaie.
Informatika Ingeniaritza graduko 3.mailan, Ikasketa planaren arabera. hainbat ikasgaietan landutako ezarri beharko dute ikasleek proiektuan. Hau da: software produktuan hainbat ezaugarri izan behar ditu, non adimen artifiziala, web ingeniaritza, bereziki interoperabilitatea, segurtasuna eta sistema konkurrenteak eta banatuak erabiltzen diren.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu