Unai Esandi MU Gradua Informatikan DUAL zigilu ofizialeko aurreneko belaunaldiko testigantza


Unai Esandi Etxebarria,  Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko  (MU- GEP) Ingeriaritza Informatikoa graduko 4.mailako ikaslea dugu, momentu honetan bere Gradua Bukaerako Lana (GBL) edo Trabajo Fin de Grado (TFG) burutzen ari dena  Ulma Embeddedeko Bilboko bulegotan. Unai Esandi , DUAL zigilua izango duten aurreneko belaunaldiko ikasleetariko bat da, hau da, Lan Ikaste Partekatzean (LIP) dabil 2.mailako 1.semestretik, 3 urte oso lana enpresan eta ikasketak uztartzen.

Bere esperientzia gertutik ezagutu dezagun.

Kaixo Unai, zu Bilbokoa izanik, nola aukeratzen duzu  Ingeriaritza Informatika gradua MGEPen ikastea?

Kaixo. Ba Lan Ikaste Partekatzea (LIP)  programa eta ebaluazio sistemagaitik batez ere. Beste unibertsitate  eta MU-ren artean egon nintzen zalantzan aukeratzeko orduan, eta  “azterketa finalen” kontzeptua ez nuen oso gustuko, eta horren aurka MUko ebaluazio jarraitua erakargarriagoa egin zitzaidan, ikasketen presioa zabalduago geratzen delako, eta ez hilabete baten pilaturik. Honez gain, LIP programa oso interesgarria egin zitzaidan, eta nire asmoa bigarren mailan zuzenean LIP programan hastea zen, lan esperientzia lortu ahal izateko ikasten nuen bitartean, baita nire gastuetarako soldata bat ere.

Bilbokoa izanik nola  konpondu zara?

Arrasaten pisu bat alokatu nuen, beste ikasleekin banatua. Era honetan, ez nuen Bilbotik Arrasatera egunero joan-etorriak egiteko beharrik, eta ikasteko edo lagunekin egoteko denbora gehiago izateko aukera eman zidan baita ere, garraioan galdutako denbora beste edozertan aprobetxatu ahal nuen eta.
Klasekideak Euskal Herriko txoko guztietakoak izan dira, baina batez ere gipuzkoarrak, gero arabarrak, eta azkenik bizkaitarrak. Orokorrean klasekide guztiok izan dugu gure lagun taldea, eta klasetik kanpo egoteko lagunak. Hori bai, orokorrean gutako bakoitza asteburuan bere etxera joaten zenez, asteburuko planak egitea ez zen ohikoa!

Ikasketen inguruan MUko metodologia aktiboarekiko aipamenik? Zein izan da zure esperientzia?

PBL-en eredua ona da klasean ikasitakoa era praktikoan aplikatzeko. Hori bai, oso gogorra izan daiteke ere. Hasieratik lanean egotea komeni da, bukaera epea heldu ahala lana pilatzea oso erraza delako. Gero azken uneko ezustekoak ere egon daitezke, edozein proiektu erreal baten bezala. Behin, proiektuetako baten, azken egunean aurkezpena prestatu eta etxera joateko asmoa geneukan, baina azken orduko akats bat zela eta, goizeko hirurak arte egon ginen arazoa konpontzen, gero zazpiak edo zortziak arte aurkezpenarekin probak egiten, eta bederatzietan proiektua aurkeztu genuen azkenean. Gau hori oso gogorra izan zen kar-kar-kar

LIP eta DUALaren alde apustua egin zenuen, zer esan dezakezu?

DUAL zigiluaren inguruan bigarren mailan ikasi nuen, beraz ez zen aurretik pentsaturik nuen zerbait. Baina hori baino lehen, nire asmoa bigarren mailan LIP programarekin hastea zen, eta DUAL zigiluaren funtsa hori zenez, programan sartu nintzen. Nire asmoa lan esperientzia eta soldata bat lortzea zen, eta horrez gain hori aitortzen zuen zigilu bat izango banuen, are hobeto. Nire motibazio nagusia klasean ikasi ezin nituen konpetentziak enpresan lan eginez ikastea zen, eta baita klasean ikasitakoa benetako kasu baten aplikatzeko aukera izatea ere. Une horretan nuen zalantza bakarra laugarren mailan Erasmus programan parte hartzea ala ez zen, hori DUAL zigiluarekin bateratzea oso zaila zelako. Azkenean, parte ez hartzea erabaki nuen, eta orain COVID-arekin dugun egoera ikusita, ez naiz damutzen parte ez hartzeaz kar,kar,kar

ULMA Embedded Solutions-en egin duzu lana. Ezagutu dezagun enpresa eta bertan zuk egindako lana:

Enpresak neurrira eginiko software eta hardware soluzioak eskaintzen ditu bezeroei. Langileak hainbat taldetan daude sailkaturik, lan egiten duten arloaren arabera: hardwarea, plaka elektronikoen diseinu eta produkzioarekin; softwarea, aplikazioen garapena eta partner batzuen lizentzien salmentan oinarritzen dena; sentsorika, sentsoreen diseinu, garapen eta frogak egin dituena; eta azkenik IoT taldea, enpresako arlorik berriena, Internet of Things sistemen diseinuan lan egiten duena.

Unai Esandi Ulma Embeddeden lanean

Nire kasuan, software taldean egon naiz lanean hasieratik, eta nire praktiken lehen bi urteetan enpresako produktu baten garapenean parte hartu dut. Produktuaz ezin dut asko esan oraindik garapenean dagoelako, baina bereziki garapenean murgilduta aritu naiz eta autonomia asko eskaini didate, aurretik egina zegoen kodea txukunduz, eta funtzionamendua zuzena dela ziurtatzeko testak prestatuz batez ere. Produktua behin txukundurik, asmoa garapenarekin aurrera botatzea da.

Aurten, Gradu Bukaerako Lana (GBL) egiren ari naiz bertan. Bezero bat kontaktuan jarri zen enpresarekin, eta aurreko bi urteetan garatzen ibili nintzen aplikazioaren antzeko produktu bat nahi zuten. Beraz, logikoa zirudien nik proiektu horretan parte hartzea, oraingoan garapenean hasieratik egonda. Oraingoan proiektua bezero baten eskaria denez, epemugak zorrotz bete behar dira,  eta beste  lan batzuekin alderaturik eskakizun maila handiagoa baita ere, produktuaren garapena eta hobekuntza jarraitua izan behar du eta. Adibidez, bezeroek abenduaren bukaerarako frogak egiteko moduko bertsio bat nahi zuten, eta hori lortu ahal izateko egin beharreko lana ondo planifikaturik izatea ezinbestekoa izan da. Abenduko epemuga estimaturikoa baino denbora laburragoan betetzea lortu genuen, eta orain soberako denbora bezeroekin batera aplikazioa hobetzeko erabiltzen ari gara.

Oso pozik nago nire GBL-an benetako proiektu baten parte hartzeko aukera izateaz, honek esfortzu, txukuntasun eta plangintza gehiago eskatzen duelako. Emaitzak ikusi ahal izateak oso harro egotea sentiarazten nau, produktu hau bezeroek benetan erabiliko duten zerbait delako.

Asko eskertzen dut enpresak hasieratik izan duen malgutasuna, bai ordutegien eta baita lantokien inguruan. Ez dut inoiz arazorik izan azterketak direla eta egun baten galdutako orduak beste egun baten berreskuratu ahal izateko, ezta egun batzuetan etxetik lan egin ahal izateko. Aurtengo COVIDaren egoera dela eta, haien Bilboko bulegoan lan egiteko aukera eman didate, egunero Oñatira joan behar izan ordez. Gutxi gorabehera, Oñatira astean behin noa bakarrik, tutorearekin proiektuaren jarraipena egiteko, eta egon ahal diren arazoak hobeto konpontzeko.

Unai Esandi Ulma Embedded-eko Bilboko bulegoaren inaugurazio egunean. Hemen informazio gehiago.

Enpresan lanean  ikasitakoa, zer izan da zuretzat gehien baloratzen duzuna?

kalitatearen garrantzia, norberaren erantzunkizuna munduaren, Euskal Herriaren, enpresaren arrakastan, enpresan inor ez dela bakarrik: nire lanak besteen lanetan du eragina… edota zelako bakarrik zauden enpresan arazoak dituzunean Nire kasuan egindako lanaren kalitatea ona izatearen garrantzia ikustarazi dit, lehen bi urteetan lanean ibili naizen aplikazioan akats asko ikusi ditut eta: kode desegokia, kodearen atal bakoitzak zer egiten zuen azaltzen zuen dokumentazioaren falta… Kodearen garapena era desegokian egin zen, eta bertsio berriena zein zen ere ez zegoen jakiterik… Arazo guzti hauek hasierako garapena enpresa kanpoko talde batek egin zuelako izan ziren, eta nire lana hainbat desastre txukuntzea izan denez, lana hasieratik ondo egitearen garrantzia argi utzi dit, txarto garaturiko aplikazio bat hobetu edo mantentzea oso zaila izan daiteke eta.

Enpresa horretan lanean ikasitakoa lagungarria izan zaizu ikasketetan?

Nire ustez bai, bizipen ona izan da bi zentzuetan: klasean ikasitakoa enpresan aplikatzeko aukerak izan ditut, eta baita enpresan ikasitakoa klasean aplikatzeko ere. Ikasle bakoitzak enpresan egindako lanak ezberdinak badira ere, denek dute garrantzia graduaren barruan. Nire lagun taldearen barruan gutako bakoitzak ikasgairen baten abantaila izan du, klaseak izan baino lehen lanean ikusi dugulako: bata datu baseetan, bestea web aplikazioen garapenean, nire kasuan proiektu baten garapenaren atal eta betekizunetan… Orokorrean, lanean ikasitakoa baliagarria izan daiteke ikasgaietan, baita klasean ikasitakoa lanean ere.

Orain daukazu ikuspuntuarekin, zein asmo duzu hurrengo kurtsorako ?

Egia esan, oraindik ez nago ziur. Master bat ikastea aukera modura daukat oraingoz, baina nagoen enpresan lanean jarraitzeko aukera izango banu, ez nuke baztertuko. Ikusten dudan masterraren arabera, eta COVID-aren egoera dela eta online egingo diren master asko egongo direnez, lana + masterra egitea aldi berean egitea ere ari naiz pentsatzen. Zaila izan daiteke, baina lana eta ikasketak aldi berean eramatera ohitua nago, eta uste dut plan hori aurrera eramateko kapaza izan ahal naizela.

Gomendatuko zenuke LIP edo DUAL programa?

Ikastea eta lana izatea gogorra da noski, azken finean egunero lau ordu lan gehi bost ordu klase daudela esan nahi du, eta azterketak daudenean klasetik kanpo ikasteko denbora gehiago behar da baita ere. Honek egunaren plangintza argi izatea eskatzen du, eta denbora librea murriztuagoa da ere. Hala ere, ez nuke esango eskakizun gehiegizkoa denik, azken finean, ez dut ezagutzen Lan Ikaste Partekatzea edo  LIP programa utzi duen ikaskiderik, eta nota onak ateratzea posiblea da, lan karga handiagoa izan arren. Nire aholkua klasean emandako denbora ahal bezain hoberen aprobetxatzea da, gero kanpoan egin behar den lana murrizteko.

Eta LIP egiten duten eta ez duten arteko ezberdintasunen inguruan, badaude aldeak noski. Azken finean truke bat da: denbora librea, edo lan esperientzia, gauza berriak ikasteko aukera eta soldata bat. Nire lagun taldetik, lau DUAL programan egon gara, eta beste batek ez du enpresan lanik egin laugarren maila arte. Batzuetan enpresan gaudenok bestea akabatu nahi genuen gu 8:00etan lanera sartzen ginenean eta bitartean bera 11:00etan esnatzen zenean, batez ere azterketa garaian, gu edozer egiteko denbora faltarekin geundenean kar-kar-kar

Nire ustez, denbora libre gutxiago izatea zaila bada ere (batez ere azterketa garaian), ez naiz DUAL programan parte hartzeaz damutzen. Agian ez da edozeinentzako programa egokia, baina ezagutu dudan jendearen gehiengoa aurrera ateratzeko kapaza izan da, eta esperientzia oso positiboa da lan-mundura begira.

Asko eskertzen dizugu gurekin egondako tarte hau eta batez ere zure ibilbide hau gurekin partekatzeagatik.  Hobena opa dizugu zure GBLerako eta etorkizunerako. Laster arte Unai.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu