Xabier Vidriales eta Pablo Valle Gradua Informatikako ikasleak eta MU taldekide Unibertsitate Eztabaida Ligan
“Eztabaidatzea Gradua Informatikan izan ditugun jardueretatik guztiz desberdina den bizipena izan da”
Azaroaren 13-an larunbata, Nafarroako Parlamentuan ospatutako Euskarazko VIII. Unibertsitate Eztabaida Ligan Informatika graduko Xabier Vidriales eta Pablo Valle ikasleak, Iraia Irazusta, Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko ikaslea eta Leire Lisón, Humanitate Digital Globalak Graduko ikaslearekin batera Mondragon Unibertsitateko taldea osatu zuten. Aurtengo edizioan gaia Adimen Artifiziala izanda, ondorengo galderari erantzun behar zioten partaideek: “Adimen Artifiziala gai da gizakia ordezkatu eta hark egiten duena egiteko?”. Galdera horri erantzuteko baiezko edo ezezko ikuspuntua hartu behar izan diote taldeek eta beraien artean eztabaida bat egin. Naiz eta aurtengo edizio honetan Deusto Unibertsitateko taldea irabazle izan, gure taldeak lan bikaina eta maila izugarria erakutsi du, hain zuzen ere Iraia Irazustak Hizlari onenaren saria jaso zuen.
Iraia Irazusta, Pablo Valle, Leire Lison eta Xabier Vidriales, Mondragon Unibertsitaeko taldekideak Euskarazko VIII. Unibertsitate Eztabaida ligarako
Normalean, eztabaida hauetan Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko ikasleak parte hartzen dute, gradu honetako ikasgaietan honelako eztabaidak lantzen dituztelako. Hala ere, aurtengo gaia dela eta diziplinarteko talde bat sortzea erabaki da. Horregatik, aurtengo taldea Informatika graduko bi ikaslerekin, Humanitate Digital Globalak Graduko ikasle batekin eta Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko beste ikasle batekin osatzea erabaki da. Beraien artean dauzkaten konpetentzia desberdinak landuz talde sendoa eta bateratua osatzea lortu dute, izan ere hainbat egun egon dira lanean beraien artean ondo konplementatzea lortu arte.
Xabier eta Pablok diotenaren arabera, ez da gauza erraza izan, ahalegin handia eta egun dexente eman dute eztabaida hau prestatzen, batez ere beraien aldetik eztabaidaren formatua eta hitz egiteko modua asko landu behar izan dutelako, beste graduko ikasleak dituzten ohitura eta erraztasuna ez baitzuten. Bestalde, beste graduko bi ikasleak ere lan asko egin behar izan dute gaian murgiltzeko eta eztabaidan parte hartzeko prestatzeko.
Hau guztia burutzeko, lehenengo Andres Gostin eta Aitor Zuberagoitia HUHEZI-ko irakasleekin bilera-formakuntza bat eduki zuten, eztabaidaren formatua eta antolakuntza azaltzeko eta poliki-poliki taldea eztabaida giro horretan murgiltzeko. Ondoren, Azaroaren 6-7ko asteburuan, Eibarren formakuntza saioa eduki zuten EHU-ko Unibertsitateak antolatuta. Bertan, EHU-ko eztabaida taldeko ikasleek formakuntza eskaini zieten gure ikasleei eta beste unibertsitateko taldeei. Unbertsitate desberdinetako taldeak beraien artean ezagutzeko aukera ona izan zen eta eztabaida guztien artean prestatu zuten. Gure ikasleek diotenaren arabera, oso ondo pasatu zuten, pentsio osoan eman baitzuten asteburua elkarrekin. Amaitzeko, astean zehar, ikasleak egun pare bat elkartu ziren, gaia guztiz jorratzeko eta eztabaidaren azken ikutuak emateko. Momentu hauetan, EHU-ko formatzaileen laguntzarekin, bideodei pare bat egin zuten eztabaidara joan aurretik.
Azkenik, eztabaida egunean, asko disfrutatu zuten eta beste unibertsitateko ikasleekin batera eztabaida polita gauzatzea lortu zuten. Hala ere, eztabaidatik atera ondoren, guztiak elkarrekin bazkaltzera joan ziren, eztabaidan izandako norgehiagoak alde batera utzita.
Xabier eta Pablo honela laburbiltzen dute bizitako esperientzia:
“Graduan izan ditugun jardueretatik guztiz desberdina izan den esperientza bat izan da. Nafarroako parlamentuan, pertsona garrantzitsuen aurrean politikariak izango bagina bezala eztabaidatzea ahaztezina izango den bizipena bezala ikusten dugu. Egun gutxitan asko ikasteko balio izan digu, izan ere, gure graduan ikasten ez ditugun eta garrantzitsuak diren konpetentzia desberdinak landu ditugu. Nahiz eta izugarrizko lana egin behar izan, oso pozik gaude lortu dugunarekin, eztabaida bat zer den jakin gabe egotetik, beste unibertsitate bateko eztabaida taldeen kontra eztabaidatzera”
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu