Ingeniari informatikaria enpresa industrialean lanean


Aupa, Andoni Bengoa naiz. Ingeniaritza Teknikoa ikasi nuen Mondragon Unibertsitatean 89-84 urteetan eta Informatikan espezializatu nintzen.

Coprecin,  aurten 50 urte betetzen dituela,   ikasketa amaierako proiektua egiteko aukera izan nuen eta geroztik bertan jarraitu dut lanean.

Andoni Bengoa Copreciko Informatika arduradunaCoprecin etxetresnentzako osagaiak egiten ditugu eta 7 planta ditu mundu guztian zehar (Mexiko, Brasil, Txekia, Turkia, Italia eta Txina) . Urte guzti hauetan lan desberdinak egin izan ditut eta azken aldian herrialde eta kultura desberdinekin harremanetan egoteko aukera ere eman dit.

Eta zer egiten du ba informatikari batek Copreci moduko lantegi baten? Nire kasua azalduko dizuet:

Ikasketa amaierako proiektuan, garatzen ari ziren produktu berri baten diseinua eta fabrikazioa automatizatu genituen. Pentsa, sistema guztia zerotik pentsatu, garatu eta martxan ipini. Oso aberasgarria izan zen eta asko ikasi nuen. Izan ere Mondragon Goi Eskola Politeknikotik neramatzan oinarriak praktikan ipintzeko aukera izan eta enpresa barrutik ezagutzeko aukera izan nuen.

Beste 2 urtez proiektuan zehar ipinitako sistema garatzen eta mantentzen egon nintzen. Gero fabrikazio linea bateko buru izateko proposamena onartu nuen. Orduan gauzatu zen Eskolan hainbestetan esaten zigutena: “zuek ingeniariak zarete, nahiz eta espezialitate bat egin, lanean beste baten arituko zarete beharbada”. Bi urte egin nituen lan horretan, oso aberasgarriak, lantegiko ikuspegi osoa hartzen baita bertatik.

Azkenik Informatika sailera etorri nintzen, lehenengo Sistema teknikari (zerbitzariak, datu baseak eta segurtasuna kudeatzen) eta gero Informatikako Sailaren arduradun bezala.

Badira 11 urte lan honetan ari naizena.11 urte? ze aspergarria…. bai zera! informatika egunetik egunera aldatzen ari da eta! Pentsa, Coprecira etorri nintzenean ez zegoen internetik, ez sare lokalik…Ikus dezakezun bezala, enpresa bakarrean egon arren, arlo asko jorratu ditut Informatikaren barruan. Betik ikasten eta betik proiektu berriak aurrera ateratzen.

Informatika enpresen odola dela esan daiteke. Atal guztiak komunikatu eta elikatzen ditu: fabrikazioko prozesuak, bezeroen eskaeretatik hasi eta produktua bidaltzerainoko prozesu guztiak, ingeniaritza, kalitatea, pertsonak, osasuna…. pentsa dezakezun edozein eremutan, han agertuko da lana errazteko, hobeto egiten laguntzeko edo erabakiak hartzeko euskarri moduan.

Hori da Informatikak daukan ona: oso zabala dela. Azkar aldatzen ari da eta ondorioz lan aukera berriak ere zabaltzen ari dira. Duda barik, bai gaur egun eta bai etorkizunean ere, gure gizarteko esparru guztietan presente izango dugun materia da informatika.

 

Hay 1 comentario

Añade el tuyo

Hay 1 comentario