Emakume zientzialariak: parekidetasuna lortzeko lanean


Emakume_zientzialariak

Albert Einstein, Isaac Newton, Galileo Galilei, Charles Darwin…kasualitate hutsa da zientzialari ospetsuenak gizonezkoak izatea? Bada, zoritxarrez, ez.

Bistan dago sexuen arteko arrakala, beste esparru askotan nola, zientziaren munduan ere ematen dela. Honetaz sentsibilizatzeko eta bokazio zientifikoak nesken eta emakumeen artean zabaltzeko, otsailaren 11ean ‘Emakume eta neska zientzialarien Nazioarteko Eguna’ ospatzen da.

ZTIM diziplinak

Errealitate honetaz jabeturik, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak abian jarri zuen ZTIMUlab laborategia, nesken artean ZTIMU diziplinak –Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak– sustatzeko. Laborategi honek hainbat ekimen antolatzen ditu DBH, Batxiler eta Lanbide Heziketako ikasleei eta irakasleei zuzenduta: erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, zientziaren astea edo First Lego League. Izan ere, aurten Garaia Parke Teknologikoarekin elkarlanean, hainbat ekitaldi antolatu ditu ZTIMUlab-ek Emakume eta neska Zientzilarien Naziorteko Egunaren inguruan.

Datuei erreparatuz gero, ZTIM alorreko unibertsitateko graduak ikasten dituzten lau pertsonatik bakarra baino ez da emakumezkoa. “Eta ikasketetan aurrera egin ahala, emakumeen kopurua jaitsi egiten da; doktoretzan, esterako”, dio Donostiako Materialen Fisika Zentroko Komunikazio arduraduna den Idoia Mujikak Puntua aldizkarian.

Badirudi, hala ere, zientzian parekidetasuna lortzeko bidean hainbat aurrerapauso ematen ari direla azken urteetan. Honen adierazle, esaterako, 2020ko Nobel sarietan hiru emakume zientzialari saritu izana.

Aipaturiko Puntua aldizkariko erreportaje horretan Mondragon Goi Eskola Politeknikoko hainbat ikasle eta irakasleren testigantzak jasotzen dira, neurtzeko zenbateraino lortu den ala ez generoen arteko parekidetasuna zientziaren eta teknologiaren munduan.

Ikasleen eta irakasleen testigantzak

Eguzkiñe del Valle Industria Diseinu eta Produktu Garapenerako Ingeniaritza graduko 4. maila ikasten ari da. Eguzkiñek bere aitarengandik jaso zuen autoekiko interesa eta automozioa du gustuko. Baina, berak aitortzen duenez, “esparru honetan emakumezko gutxi nabarmentzen dira; nik Youtuben baino ez ditut ikusi”. Hala ere, ezagutzen du Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritza Mekanikoa ikasi zuen neska bat eta, gaur egun, Suitzan egiten duela lan Formulako lasterketetan, Renault taldearentzat. Bada zerbait.

Oihane Lameirinhasek Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen eta orain bertako Mekanika eta Informatika departamentuan dihardu lanean. Duela 8 urte, Arrasatera etorri zenean, 23 ikasletik bi baino ez ziren emakumezkoak. “Nerabea nintzela, informazio gutxi heltzen zitzaigun informatikari buruz. Gaur informazio gehiago dago; ate ireki formatuko GOIAZ azoka da horren erakusle. Ni bertan aritu naiz orientatzaile, baina oraindik ere, emakume gazte gutxi agertzen dira; gurasoak, gehienbat”, dio Oihanek. Eustat-en datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan ingeniaritza informatikoaren ikasleen %8,3a baino ez dira emakumezkoak (2017-18ko datuak).

Kristalezko sabaia

“Kristalezko sabai edonon ikus daiteke”, dio Ane Errartek. Ingeniaritza Biomedikoa eta Teknologia Biomedikoak masterra egin ondoren, Biomedikuntzako doktoregaia da, fullerenoa molekulari buruzko tesia garatzen baitabil Mondragon Unibertsitatean bertan. Zientzian geroz eta emakume gehiago dagoela aitortzen badu ere, zera gaineratzen du: “esparru gehienetan bezala, emakume izanda gune batzuetara iristeko bidea ez da beti gizonek egin behar dutenen berbera, kristalezko sabaia egon badagoelako, zientzian gertatzen dena gizartearen islapena baita”.

Maitane Barrenetxea ikertzailea da eta Teknologia Biomedikoko masterreko koordinatzailea. Bere masterrean erdia dira emakumezkoak, eta Ingeniaritza Biomedikoa graduan %60, ez beste ingeniaritza graduetan bezala, non lau ikasletik ia-ia bat baino ez da emakumezkoa. Bere sailean, aldiz, zazpi ikerlarietatik bost dira emakumezkoak. Hemen ere belaunaldiz belaunaldi errepikatzen joerak nabarmentzen dira; medikuntzan, biologian eta erizaintza arloetan hamar ikasletatik zazpi emakumeak baitira.

Maitane Garcia Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroan ari da tesia garatzen, zaintza behar duten pertsona nagusien familiak laguntzeko plataforma digital bat garatzen, hain zuzen. “Osasunaren esparruan, batez ere emakumeek egiten dute lan; COVID-19ari buruz, ordea, gizonezko zientzilariek hitz egiten dute gehien. Nola da posible?”, dio, etsituta.

Errealitate hau aldatzen ez den bitartean eta estereotipoak indarrean jarraitu bitartean, urtero urtero otsailaren 11ean Emakume eta Neska Zientzialarien Naziorteko Eguna ospatzen jarraituko dugu.

 

 

 

 

 

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu