Munduko bigarren diseinurik onena
Guztiz berritzailea, funtzionala eta %100 ekologikoa. Horrelakoa da ‘Honey Extruder’ eztia dosifikatzeko ontzia. Eta World Packaging Organizationek (WPO) antolatu Worldstar Student Awards mundu mailako lehiaketan bigarren saria lortu du.
‘Learning by doing’ ikaskuntza-eredua nabarmentzen duen proiektu honen atzean Jone Perez Moreno, Garazi Otxandorena Ieregi eta Mario Marco Nafria daude. Iaz garatu zuten proiektua, artean Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Industria Diseinu eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza graduko 3. mailan zeudela. Proiektuari ekin eta berehala konfinamendua etorri zenez, hein handi batean urrutitik garatu behar izan zuten ontzia, bakoitzak bere etxetik. Diseinuak 2. postua eskuratu zuen Worldstar Student Awards lehiaketan, Mondragon Unibertsitatea sariketa ospetsu honen podiumera igotzen den lehen aldia izanik.
Enpresaren beharrei erantzunez
Apisol elikadura-enpresaren beharrei erantzuteko dago diseinatuta ‘Honey Extruder’; hala, “ez genuen ezer itxi nahi dosifitzailearen funtzio guztiak adostu eta zehaztu arte”, dio Jone Perezek. Ontzi dosifikatzaileak erlauntzetan dauka inspirazio iturria eta oso moldakorra da. Erraz metatu zein desmuntatzen da, baita garbitu eta mantendu ere.
Are gehiago, diseinuak tanta-kontrako sistema du, dosifikazio-ziklo bakoitzean aktibatzen dena. Era berean, ateratzen den ezti-kantitate zehatza kalkulatzea ahalbidetzen du, erruleta baten bidez. Erruleta horrek hots bat egiten du buelta osoa ematen duenean, ezti-koilarakada bat ateratzen denean.
Ezaugarri bikain hauekin, Valentziako Edukiontzien Berrikuntzako Klusterraren lehiaketa batera aurkeztu zuten lana. Ondoren, Liderpack Espainiako sarietara, non irabazle geratu ziren. Bidea egina zegoen. Hurrengo geltokia Worldstar Student Awards izan zen.
Bilgarri-diseinuaren arloko munduko lehiaketarik garrantzitsuena da WorldStar Student Awards, eta urrezko saria Turkiako Ilyas Simpil ikasleak eskuratu du, ‘Ojo’ azazkal-esmaltearen flaskoagatik. Hirugarren saria ere turkiar ikasle batek irabazi du, Rainbow Pencils-ek, koloretako arkatz-estutxe berritzaile batekin.
Gradu Amaierako Lanak
Jone Perez Turineko unibertsitatean dago Gradu Amaierako Lana (GAL) egiten eta ezin izan zuen urtarril bukaeran sari-banaketa birtualean parte hartu bere taldekideekin batera, orduan ere Italian baitzegoen. “Pena handia dugu, ezin izan dugulako sariaz gozatu nahi genukeen moduan; baina, hala eta guztiz ere, oso harro gaude”, dio Jonek.
Mario Marco Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Mekanika eta Garapen Industrialaren departamenduan egiten ari da Gradu Amaierako Lana. Gogoratzen du nola hartu zuten parte sari-banaketa ekitaldian bideokonferentzia baten bidez, gelakide eta irakasleekin batera. “Hunkigarria izan zen, merienda batekin ospatu genuen denok elkarrekin”, dio.
Garazi Otxandorena Oronan egiten ari da GAL-a. “Guretzat, hasiera batean, ikasgai baterako lan bat besterik ez zen izan”, azaldu du. “Lana konfinamendu hasieran egin genuen eta lan egiteko kondizio onenak ez ziren izan. Izendapen guztiekin poztu gara eta ezustean harrapatu gaituzte denek baina, noski, ikasle bezala munduko bigarren sari onena lortu izana handi gelditzen zaigu”, aitortzen du.
Egiten ikasten
Oinak lurrean, jakin badakite aitorpen hau euren ibilbideen hasiera baino ez dela. “Diseinu mundua nahiko zaila da eta oso azkar aldatzen dira gauzak. Nahiz eta orain horrelako sari bat irabazi, ezin gara erlaxatu eta, jakin badakigu, bidea zabalik dugula. Lanean jarraitu behar dugu mailari eusteko”, esaten du Jonek.
Egiari zor, horrelako mundu mailako aitorpenik ez da egunero jasotzen. ‘Egiten ikasten’ ibilbide honetan gauzak ondo egiten ari diren seinale.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu