MGEPeko goi mailako heziketa zikloko Diseinuko ikasleak etorkizuna bisitatzen


Urriaren 2an Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko 1.go eta 2. Mailako ikasleak Oiartzungo Tumaker enpresa bisitatu zuten, mota askotako piezak fabrikatzeko dagoeneko gure artean dagoen etorkizuneko teknologia bat ezagutzeko: 3D inprimagailuak.

Enpresa honek, https://tumaker.com/ web orria duena, 3D inprimagailuak egiten ditu. Txikiak, etxerako eta eskoletarako bideratuak direnak eta handiak, industrialak, enpresa handietan erabiltzekoak; eskaintzen dituzten inprimagailuak erraz erabiltzekoak dira eta baita edozein Sistema Operatibo onartzen dutenak: Windows, Chromebook, IOS (Apple)…

Bertan, beraien inprimagailuekin egindako hainbat pieza izan zituzten ikusgai ikasleak, eta arlo desberdinetako erabilpenen azalpen bat ere jaso zuten; medikuntzan, moldaketarako modeloak egiteko, prototipo azkarretarako, jostailuak eta puzzleak lortzeko inprimagailu horiek erabiltzen dituztela jakin zuten.

Baina bisitaren interesa ez zen bakarrik teknologia berria ezagutzea, enpresa beraren sorrera nolakoa izan zen ere ikasi zuten; honek 2.mailan duten ikasgai batekin, EIE hain zuzen, zerikusi handia du, bertan ekintzailetasuna sustatzen baita, eta honen harira, Eskolatik Injenieritza Gradua burutu eta, krisialdia zela eta, gazte batzuk momentuko “jostailu” baten aukerak aztertzeko denbora zutela ikusita, 3D inpresioaren muinean murgilduz joan ziren, 2014an Tumaker sortu arte. Ekintzaile izateak izan ditzakeen arazoen aurrean erakutsi behar den erresilientziaren adibide ona aurkitu zuten ikasleak han.

Enpresa hau ez da bere hasierako ideietan geratu; gaur egun merkatuan dauden beharrak asetzeko inprimagailu berriak sortzen dabiltza, erabiltzaileak ahalik eta erosoen erabil ditzaten.

Nork jakin hemendik urte batzuetara argazkian agertzen den ikasle batek ez digun bere enpresa erakusten!!

Eskerrik asko Tumaker-eko langile guztioi goiz polit eta interesgarriagatik. Onena opa dizuegu!!

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu