Mikel Elorza, MGEP GMHZ ASIR informatikako ikasle DUALaren testigantza


Mikel Elorzak, MGEPeko ASIR goi mailako zikloko ikasleak bere testigantza utzi digu:

1.- Emaiguzu zure izena mesedez eta ze ziklo egin duzun:

Mikel Elorza Cobos naiz eta Sareko Informatika Sistemen Administrazioko goi mailako zikloa ikasten ari naiz Mondragon Goi Eskola Politeknikoan.

2.- Zergatik aukeratu zenuen ziklo hau? 

Aurreko bi urteetan, mikroinformatika-sistema eta sareen erdi mailako zikloa egin nuen Eibarko EHU-n eta goi mailako ziklo bat egitekotan, ASIR egitea pentsatu nuen, gehien gustatzen zitzaidalako eta baita erdi mailakoaren jarraipen naturala zelako.

3.-Eta, zergatik Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP)?

Batez ere gertutasunagatik aukeratu nuen hemen ikastea. Hala ere, ate irekietara etorri nintzenean, asko gustatu zitzaidan lan esparrua.

4.-Heziketa ziklo honetan ETHAZImetodologia aktiboarekin lan egiten duzue, hau da, talde-lanean erronkak eginez funtzio profesionalak lantzen dituzue. Zer nolako erronkak egin dituzue? Gustukoak izan dituzu?  Zer aipatu dezakezu honen inguruan?

Ikasteko beste era praktikoago bat da. Lehengo mailan, guztira hiru erronka izan genituen, denak taldeka, eta helburua enpresetan agertu ahal diren arazoak edo inzidentziak konpontzea izan zen. Bigarren mailan aldiz, bakarkako erronkak izan dira. Egia da, batzuk konplexuagoak izan direla, baina bai lehengo mailakoak, bai bigarren mailakoak gustatokoak izan ditut.

5.- Noiz hasi zinen praktiketan? Noiz bukatzen duzu?

2019ko ekainaren 17an hasi nintzen LKS enpresan DUAL programan lanean eta 2020ko ekainaren 16an bukatuko dut.  Ingnacio de la Fuente da nire instruktorea. Bera Informatikako Administratzailea da LKS-n.

6.- Zein da Enpresaren lan esparrua?

LKS taldea Espainiako erreferente nagusietako bat da zerbitzu profesionalen sektorean. 700 langile inguru dauzka eta urtean 50 milioi euro baino gehiago fakturatzen ditu. MONDRAGON taldeko Aholkularitza eta Ingeniaritza Dibisioaren barruan dago. MONDRAGON taldea da Euskadiko lehen enpresa-taldea eta Espainiako zazpigarrena; hain zuzen, 239 enpresak osatzen dute, eta 75.000 langile baino gehiago eta 15 zentro teknologiko ditu.

LKSek hain zuzen Zerbitzu profesionalak eskaintzen ditu teknologiako eta kudeaketako aholkularitzan, aholkularitza juridikoan, hirigintza-plangintzako arkitektura eta ingeniaritzan, eraikuntzan eta azpiegituretan, sustapenean, higiezin aholkularitzan eta diseinuan.

7.- Zein da zure saila edo lantaldearen lan esparrua? Zein motatako lanak egin dituzu epe honetan?

Teknologia aldetik, sistema departamentuan lan egiten dut.

Bertan bezeroen ordenagailu eta mugikor berriak programez eta bezeroaren informazioarekin konfiguratzea, bezeroen intzidentzia batzuk konpontzea izan da orain arte nire lana. Baina orain proiektu berri baten lanean hasiko naiz, orain ikasten ari naiz.

8.- Bukatzeko, zer eskaini dizu enpresan praktikak egitea, bai pertsonalki bai ikasketa aldetik?

Lan munduan esperientzia lortzea, ikasi ditugun gauzak praktikan jartzea eta gauza berriak ikastea ere. Aurretik, ziklo erdiko ikasketak egin nituen, eta praktikak ere Mondragon Unibertsitateko Informazio Sistemako sailean egin nituen. Oraingo lanen testuingurua desberdina da, eta nire profil profesionalaren lan esparruak hobeto ezagutzea ahalbidetzen dit.

9.- Eta etorkizunera begira, zein da zure asmoa datorren ikasturterako?

 Momentuz, ikasketekin jarraitzea da asmoa, hain zuzen ere Informatika segurtasuneko urte bateko ikasturtea egitea pentsatuta daukat. Horrekin batera, lan egiteko aukera izango banu, lana eta ikasketak, biak batera egitea nahiko nuke.

10.- Azkenik, ze gomendio emango zenioke zikloak aukera bezala aztertzen ari den ikasle bati?

 Aukera ezin hobe dela esango nioke, batez ere praktikotasunarekiko apustua egin nahi badu, eta lehenbailehen enpresa eta lan eremu erreal baterako prestatu nahi bada.

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu