LH Duala euskaraz egitasmoaren ekitaldian egon da MGEP ere erreferente diren enpresei aitortza eskaintzen (bideoak)
‘LH Duala Euskaraz’ egitasmoaren aitortza ekitaldia hartu zuen ; ikasle, irakasle, lantoki, erakunde eta eskoletako ordezkariek praktika onak partekatu ziren bertan
Urnietako Salestarrak-Magale Lanbide Heziketako ikastetxeak ‘LH Duala Euskaraz’ egitasmoaren aitortza ekitaldia hartu zuen otsailaren 2an. Bertan, euskarazko Lanbide Heziketa eta ikasleen lan munduratzea euskaraz gauzatzeko garaian erreferente diren lantoki eta ikastetxeen jarduna aitortu eta praktika onak partekatu ziren. Aurtengoan Copreci, Aita Menni eta Elkarmediaren ibilbidea errekonozitu zen, lan eremuan euskararen erabilera sustatzeko erakutsi duten konpromiso eredugarriagatik.
(ikus 👉 ELKARMEDIA, COPRECI ETA AITAMENNIren ibilbideko bideoak)
Laneki elkartearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanean oinarrituta, ‘LH Duala Euskaraz’ ekimenaren helburua da ikasleen euskararen ezagutza maila lan mundua euskaratzeko akuilu izatea, euskarak lan munduan duen balioa azpimarratuz. Dagoeneko hirugarren aldiz antolatu da egitasmo honi lotutako aitortza ekitaldia eta Salestarrrak-Magale ikastetxean elkartu dira, besteak beste, Jorge Segurado Urnietako alkatea; Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria; Estibaliz Alkorta eta Nicolas Sagarzazu, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustapeneko zuzendaria eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketaren zuzendaria, hurrenez hurren; Ainitze Blanco, Laneki elkarteko lehendakaria; eta Lanbide Heziketako sareko hainbat irakasle eta ordezkari.
2023an jasotako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 14.633 ikasle izan dira Lanbide Heziketa Dualean. Horietako 4.050 ikasle euskaraz aritu dira, gisa horretan lan mundura salto egiten dutenerako euskararen konpetentzia garatuz. Lurralde honetan, azken bost urteetan, Lanbide Heziketa Duala euskaraz Gipuzkoan 4.016 lantokik baino gehiagok eskaintzen dute euskaraz. (Bizkaian 2.067 eta Araban 450). Guztien artean, etorkizunerako, hazkunderako eta enplegurako aukera ematen duten erakunde eredugarri eta jasangarrien komunitate bat osatuz.
Euskara eta jasangarritasuna
Hain zuzen ere, iraunkortasunaren hariari heldu zion ekitaldiko hizlari nagusiak, Urnietan elkartu zirenen aurrean. Euskara eta jasangarritasuna, ekonomiaren bultzatzaile? hitzaldia eskaini zuen Alex Arriolak, SPRIko zuzendari ohiak eta industrian adituak. Ondoren, gai horri berari helduta mahai-ingurua osatu zuten Mari Jose Barriolak, Tknika-ko Biozientziak eta Jasangarritasun arloko zuzendariak; Xabi Setienek, Salestarretan irakasleak; eta Alaitz Tolosak, Mitxelena kooperatibako Industria Antolakuntzako ingeniariak.
Ekitaldia amaitzeko, lantokiek euskararen alde egiten duten lana errekonozitzeko unea iritsi zen, eta horretarako kontuan izan zen Lanbide Heziketako ikastetxeekin duten harremana, ikasleek “LH Duala Euskaraz” urte batean baino gehiagotan egin izana, LH Dualean izandako ikasle horietako batzuk bertan lanean geratu izana eta “LH Duala Euskaraz” egiten den lantokien izaera anitza. Aurtengoan aitortza jaso zuten Copreci kooperatibak, Aita Mennik eta Elkarmediak eta horiekin harremana duten Lanbide Heziketako ikastetxeek: Meka LHII, Mariaren Lagundia, Aretxabaleta Lanbide Eskola LHII, Arizmendi Ikastola, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Miguel Altuna LHII eta Izarraitz lanbide Heziketa LHII.
“Gure hizkuntza, lehiakortasun estrategien muinean”
Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, zorionak eman zien aitortza jaso duten entitateei, “norabide argi bat” markatzen dutelako eremu sozio-ekonomikoan euskara indartzeko “desafio kolektiboari”. “Beti esan ohi dugu gure Lanbide Heziketa sarea harribitxia dela. Eta halaxe da, Europan eredutzat jotzen dute, aitzindaria delako gauza askotan. Euskararen ikuspegitik ere bai, gero eta ikasle gehiagori euskaraz kalitatezko formazioa eskaintzen diolako eta, ondoren, ikasle horiek gure lantokiak eta bereziki gure industria euskalduntzen dutelako”, gogoeta egin zuen.
Lan munduan euskararen presentzia indartzeko desafioa Gipuzkoa eta Euskadiko “etorkizuneko enpresa ereduarekin” lotu zuen. “Digitala, jasangarria, lehiakorra, parte-hartzailea, talentua sustatuko duena, pertsonekin eta lurraldearekin konprometitua, nazioartekotua… eta euskalduna. Euskararen erabilera sustatzen duena, modu kontziente eta antolatuan”, definitu zuen. Izan ere, gure hizkuntzak “balio erantsia” eskaintzen die enpresei eta, horregatik, azpimarratu zuenez, “lehiakortasun estrategien muinean” egon behar du.
Urnietako alkateak, Jorge Seguradok, euskara gizartean “elementu bateratzaile eta funtsezkoa” dela azpimarratu zuen. Gipuzkoako enpresek, ikasleek eta lanbide heziketako ikastetxeek euskararen erabilera sustatzeko egindako ahalegina eta konpromisoa azpimarratu zituen eta LH Duala Euskaraz proiektua nabarmenduz, “ez bakarrik ekimen gisa, baita lanbide heziketan euskararekiko jarrera positiboa bultzatzeko mugimendu gisa ere”. “Beharrezkoa da eremu sozioekonomikoa lehentasunezko gunetzat hartzea euskara biziberritzeko, hezkuntzan eta unibertsitatean egindako aurrerapen nabarmenak aitortuz, euskalduntzeko inbertsioari esker. Euskara erabiltzeko aukera aprobetxatzeko deia egiten dut, euskal nortasuna eta kultura indartuz. Enpresetan euskararen erabilera indartzeak nortasun kulturala indartzeaz gain, enpresen jarduera eta lehiakortasuna sustatzen ditu”, berretsi du.
Sari banaketa. Ekitaldiaren amaieran sariak eta aitortzak banatu ziren.
Gorka Aretxaga , MGEPeko Goi mailako Heziketa zikloko koordinazailea, oholtzara igo zen baita ere COPRECIko ordezkariari aitortza ematen.
Amaiera, denok batera famili argazki bat egin zuten.
+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu