Industria Mekatronika, Amazonen prestakuntza-programa: “Erronka batean ardurak desberdinak dauzkazu, bai norberarenak eta baita taldearenak, horrek gauzak ondo egitera behartzen zaitu”
Fran Robles Aparicioren testigantza dakarkizuegu. Franek Amazonen prestakuntza-programaren bigarren promozioan parte hartu du eta bi urtez Mekatronika Industrialeko goi-mailako zikloa egin du Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP).
Zein izan da programa honetan sartzera eraman zintuen arrazoia?
Amazonen lehen kontaktua Bartzelonako zentroan izan nuen, han urte eta erdi lan egin bainuen biltegiko langile gisa. Ondoren Murcia-ra itzuli nintzen, Cartagenara, nire jaioterrira, eta 2023an hango Amazon zentroan hasi nintzen lanean. Hasieratik argi izan nuen ez nintzela biltegian lan egitearekin konformatzen; nik mantentze-teknikaria izan nahi nuen, eta hori lortzeko zer pauso eman behar nituen aztertzen hasi nintzen. Zentro horretan lanean nenbilela Pedro ezagutu nuen; bera Amazonen prestakuntza-programarako hautatu berria zen, Arrasatera joango zela esan zigun, mekatronika industrialeko goi-mailako ziklo bat ikastera, eta gero horrek mantentze-teknikari postu batera sartzeko aukera emango ziola. Une horretatik argi eduki nuen zein zen nire helburua, ate guztiak jo nituen, elkarrizketak eskatu nituen, ez nuen aukera bakar bat ere aztertu gabe utzi. Esan daiteke, programa honetan izena eman arte, ez nuela amore eman.
Nolakoak izan zen hasiera? Erraza egin zitzaizun dinamika berrira egokitzea?
Oso ondo gogoratzen dut Arrasatera iritsi ginen lehen eguna. Eguzkia egiten zuen! Esana ziguten Euskadin beti eguraldi txarra egiten zuela, baina iritsi ginenean eguzkiak hartu gintuen. Bizi naizen lekuarekin alderatuta, dena zen desberdina: paisaia menditsu eta berdeak, eta baita ura zeraman ibaiak ere!
Programa honetan izena ematearen aldeko gauza positiboetako bat zen jende asko ezagutuko nuela, eskualde eta herrialde desberdinetatik zetorrena, kultura desberdinetakoa, eta hori oso aberasgarria iruditzen zitzaidan. Lehen aste hartan programako 60 ikasleak elkarrekin egon ginen eta pixkanaka elkar ezagutzen joan ginen.
Irakasle-taldearen harrera ere oso ona izan zen. Hasieratik hurbiltasun handiz tratatu gintuzten, eta egian esan ez nengoen hartara ohitua. Irakasleek beti erakutsi dute jarrera positiboa, lagundu eta babestu nahi izan gaituzte une oro.
Nolakoa izan da MGEPen esperientzia bi urte hauetan? Zein faktore positibo nabarmenduko zenituzke?
Eskolan arreta gehien deitu didana industria instalazioak izan dira, eta ikasle bakoitzak bere makina propioa izateko aukera izatea tailerreko praktikak egiterako garaian. Teknologia aurreratua ere eskura izan dugu: laser bidezko ebaketa-makinak, robotak… Industria arloan ez dira erraz ikusten halako instalazioak, eta are gutxiago arlo akademikoan.
Bi ikasturteetan planteatu dizkiguten erronkak ere oso aberasgarriak izan dira. Benetako arazoak planteatu dizkigute, eta benetako irtenbideak eman behar izan dizkiegu. Ikasle bakoitzak pieza bat mekanizatu behar genuen gure makinan, baina pieza multzo osoa garraio-zinta baten parte zen, eta gero zinta hori muntatu eta elkartu behar genuen. Beraz, ardura bikoitza sentitu nuen: alde batetik norberarena, nota indibiduala bakoitzak fabrikatzen zuen piezaren araberakoa baitzen; baina baita taldearena ere, pieza hori talde osoa ebaluatzeko balioko baitzuen muntaketa egin ondoren. Horrek gauzak ondo egitera behartzen zaitu, eta talde-lanaren eta talde arteko koordinazioaren garrantzia ulertzeko balio du. MGEPen oso kontuan hartzen den aspektua da hau.
Irakasle-taldearen profesionaltasuna ere nabarmendu nahiko nuke. Batzuk industria arlotik datoz, eta ezagutza ez ezik, benetako esperientziak ere ekartzen dituzte ikasgelara. Norbaitek eduki teorikoak azaltzen dizkizunean, baina aldi berean kontzeptu horiek benetako industria-munduan aplikatzean izandako esperientziak kontatzeko gai denean, askoz interes handiagoa jartzen duzu, ikasten duzunak gero zerbaiterako balio duela nabaritzen baituzu.
Azkenik, liburutegia dago, ordu asko eman ditudan lekua. Normalean ikastera joaten nintzen, baina jarduera mota desberdinak egiteko gelak ere erreserbatu daitezke. Liburu asko daude, eta batzuk oso interesgarriak, ez soilik eskola politekniko bateko edukiekin lotutakoak. Historia liburuak ere badaude, adibidez.
Zein plan dituzu etorkizunerako?
Nire lehen helburua Amazonen mantentze-teknikari postu bat lortzea da. Horretarako prestatu naiz, eta uste dut balioa eman diezaiokedala postuari eta enpresari. Orain, heldua izanik, berriro mundu akademikora itzuli naizenean, ikasketa-prozesuak modu lasaiago batean ikusi ditut, eta konturatu naiz goi-mailako ikasketak egiteko gaitasuna dudala. Ezingo nuke esan zikloa erraza izan denik, baina ez zait zaila iruditu, eta lanarekin eta diziplinarekin nota onak lortu ditut ikasgai guztietan. Beraz, etorkizunean argi daukat ikasten jarraituko dudala; gainera, uste dut gaur egungo bizimoduak hori eskatzen duela.




+ Ez dago iruzkinik
Zurea gehitu