Berdintxiketan: helburuak


2009an Enpresagintza Fakultateak Berdintasun diagnostikoa eta plana egin zituen. Definitutako ekintzen artean bat berdintasunaren alorrean ikasle eta irakasleak kontzientziatu, sentsibilizatu eta prestatzea izan zen. Hori dela eta, azken urteotan hainbat ekintza antolatu dira helburu horrekin: hitzaldiak, erakusketak, mintegiak… Emakumeen Nazioarteko eguna (martxoak 8), Genero Indarkeriaren Nazioarteko eguna (azaroak 25) edo Emakundek antolatzen duen Berdintasun Gunea izan dira ekintza horiek antolatzeko aukera eta aitzakia egokiak.

Aurten, Enpresagintza Fakultateko Berdintasun Taldeak eta Kirol Zerbitzuak elkarrekin antolatuko dute Emakumeen Nazioarteko eguna ospatzeko ekintza berezia: bikote mistoen herri lasterketa, berdintasunaren aldeko lasterketa izango dena.

Kirol zerbitzuak kirol jarduera egiteko aukera ematea du helburu, unibertsitatearen eremura osasuna eta bizi-kalitatea hurbiltzea eta kirolaren balioak sustatzea. Emakumeen parte hartzea unibertsitatearen baitan antolatzen diren kirol ekintzetan baxua izaten da, oro har. Berdina gertatzen da herri mailan antolatzen diren kirol ekintza askotan. Kirol profesionalak eta aisialdiko kirolak aurpegi maskulinoa du, baita komunikabideetan eta baita kalean ere. Emakumeei beraien espazioa ematen zaienean, ordea, kirola egiten dutela eta gustatzen zaiela argi ikusten da. Baina badirudi ekintza zehatzak ospatzea behar dela emakumeen artean kirola sustatzeko. Donostian ospatzen den Lilatoia lasterketa jendetsua honen adibide garbia da.

Hori dela eta, Enpresagintza Fakultateak bikote mistoen herri lasterketa antolatzea erabaki du. Martxoaren 8a aintzat hartuz, emakumeentzat soilik diren hainbat ekintza antolatzen dira. Ekintza mota horien osagarri, kirol zerbitzuaren eta berdintasun taldearen xedeak elkartu, eta emakumeak eta gizonak elkarrekin kirolaz disfrutatzeko herri lasterketa antolatuko da.

EKINTZAREN HELBURUAK

Jarduera fisikoaren bitartez oinarri herrikoia duen jarduera bat antolatzea gizon-emakumeen arteko berdintasuna bultzatuz.

Helburu honen gakoak honakoak dira.

– Herri lasterketa izango da: osasun maila egokia duen edonork parte hartu dezake. Parte hartzea lehenesten da, eta ez lehiatzea.

– Gizonak eta emakumeak elkarrekin korrika egingo dute, berdintasuna adierazteko eta emakumeen presentzia kirolean bultzatzeko.

– Emakumeen Nazioarteko egunarekin bat egingo da, mundu guztian zehar ospatuko diren beste ekintzekin bat egiteko.

Animatu eta parte hartu!

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu